69 talde lehiatuko dira Play-Eruak txapelketan

Intza Trula 2024ko api. 2a, 09:00
2023ko Play-Eruak txapelketako partida baten irudia. (Onintza Lete Arrieta)

Larunbat eta igande honetan jokatuko dute Play-Eruak Hondartzako Futbol Txapelketa, Zarauzko hondartzan. DBHko ikasleek osatutako 69 taldek hartuko dute parte bertan.

Inoiz baino parte hartzaile gehiago bilduko dira asteburuan Play-Eruak Hondartzako Futbol Txapelketan: DBHko ikasleek osatutako 69 talde arituko dira garaipena lortzeko lehian. Larunbat eta igande goizean jokatuko dituzte partida guztiak, Zarauzko hondartzan.

Hori horrela, larunbatean 08:30ean irekiko dute harrera, eta jokalariek ordu horretarako azaldu beharko dute plaieroen lokal ingurura. Partidak, berriz, 09:00etan hasiko dira. Igandean harrera 09:00etan zabalduko dute, eta norgehiagokak 09:30ean hasiko dira. DBH 1 eta 2 mailetako ikasleentzat harrera gune bat egongo da, eta beste bat DBH 3 eta 4 mailetako ikasleentzat. 

Horrez gain, antolatzaileek gogorarazi dute futbolariek olio botila, azukre paketea edota dilista paketea eraman behar dutela jokatu ahal izateko, eta produktuak uztera banan banan joan beharrean, taldeko batek guztiak bildu eta harreran entregatzeko ardura har dezakeela. Bildutakoa Zarauzko Elikagai Bankuarentzat izango da, eta horregatik, jokalariek ez ezik, herritar guztiek izango dute produktuak uzteko aukera. Halaber, talde bakoitzak bi kamiseta ezberdin eraman behar dituela gogorarazi dute.

Indarrak berreskuratzeko fruta eta txokolate beroa banatuko zaie parte hartzaileei, baina edalontziak ezin izango dira hondarretara jaitsi, "hondartza guztiz garbi mantentzeko". Sariak ere izango dira futbolarien artean: taldeentzako afariak, surf ikastaroak, izozkiak eta Txuri-Urdinera joateko sarrerak zozkatuko dituzte. Gainera, Arraio irratiko esatariek partiden zuzeneko emankizunak eta elkarrizketak eskainiko dituzte bertatik.

Partiden dinamika

Partida bakoitzak 10 minutuko bi zati izango ditu, eta berdinketan amaituz gero, hiru penalti jaurtiko ditu talde bakoitzak irabazle bat zehazteko. Antolakuntzak jarriko du partida jokatzeko baloia.

Horrez aparte, lehia hasi aurretik jokalari guztiek eskua eman beharko diote elkarri, eta jarraian, argazkia aterako dute bi taldeek elkarrekin. Lehiakortasunaz harago, "lagunarteko giroa sortzea" da txapelketaren xede nagusia.

Talde guztiak zazpi jokalariz osatuta egongo dira, gutxienez, eta hamabikoa izango da, aldiz, gehienezko kopurua. Zazpi jokalari arituko dira jokoan, eta, nahi adina aldaketa egiteko aukera izango dute. Halere, mistoak diren taldeetan genero bakoitzetik gutxienez hiru jokalarik egon beharko dute uneoro jokatzen.

Zalantzak argitzeko antolakuntza@playeruak.eus helbidera mezu bat bidali daiteke.