ZARAUZTARREN DOINUAK

Uxoa Arrutiren doinuak

Erredakzioa 2024ko api. 3a, 09:00
Uxoa Arruti. (Utzitakoa)

Zarauztarren doinuak seriearen barruan, hainbat herritarrek aukeratutako bost kanten zerrendak jasoko ditu Zarauzko Hitzak Aste Santuko bi asteko oporraldian, asteazkenetan. Uxoa Arruti Orioko eta Zarauzko AEK-ko irakaslearena da gaurko zerrenda. Hori horrela, honako zerrenda hau osatu du.

  • Maggie Dickson (Izaki gardenak)

"Ez da lan erraza izan bost kanta bakarrik aukeratzea, baina, aldi berean, prozesu eta bidaia polita izan da, beraz, eskerrik asko, Zarauzko Hitza. Azkenean, nahi gabe, gaur egun aktiboan ez dauden bost talderen abestiak aukeratu ditut. Lehenengoa: Izaki gardenak taldearena. Asko gozatzen dut kanta hori abestean, ia barrenak hustutzeraino tonu altu horietara iristeko. Benetan ederra litzateke Maggie Dickson bezala taldea ere itzuli eta berpiztuko balitz".

  • Nik ere (Napoka iria)

"Etxean entzuteko baino gehiago, zuzenean ikusteko moduko talde goxo eta polita iruditzen zitzaidan Napoka iria. Mirenen indarra noiz lehertuko zain egoten nintzen. Hain justu, indar horren bila erabili nuen abesti hori gerora, bi erditzeen aurreko egunetan ariketak egiteko jartzen bainuen abestia; baloi erraldoiaren gainean eserita nahiz dantzan, nire semearekin eta alabarekin konektatzen nuen eta zetorrenerako ahaldundu".

  • Could you be loved (Bob Marley)

"Unibertsitateko ikaskide batek behin esan zidan ez zitzaiola reggaea gustatzen. Ezin izan nuen ulertu, posible zen hori? Nire inguruan oso presente zegoen musika zen eta nire bizi-estiloaren parte zen: etxean entzuten nuen, parrandan, kotxean, oporretan... Erritmo horiek entzun eta uda giroko edozein txoko edo hondartzatara bidaiatzen zuten geure buruek; lagunartea, terrazak, ilunabarra... Bob Marleyren beste kantu asko nahiago ditut, hala ere, Could you be loved aukeratu dut uste dudalako askorentzat denbora-makina gisa funtzionatzen duela, 20 urte atzera eramaten gaituela; kanta horren lehen notak entzutean koloretako argiak pizten ziren soto hartara, adibidez".

  • Maravillas (Berri txarrak)

"Nire familian musikari ugari daude eta bidartetarron familia-bazkari eta afarietan gitarrak eskuz esku ibiltzen dira. Denetarik abestu ohi dugun arren, 70. eta 90. hamarkadetako abesti malenkoniatsuek presentzia handia izan ohi dute. Pixkanaka, abesti berriak ere lekutxoa hartzen ari dira errepertorioan eta horietako bat da Berri txarraken Maravillas, marabilla bat iruditzen zait abestia, zein gutxirekin zenbat kontatzen duen. BECeko kontzertuko bideoa aukeratu dut, hura ere zirraragarria izan zelako, ahaztezina".

  • Thriller (Michael Jackson)

"Aipatu bezala, familia musikaria izan arren, nik ez dut sekula musika tresnarik jotzen ikasi. Hala ere, erritmoa zainetan daramadala esan daiteke eta dantzatzea maite izan dut beti. Edozein musikarekin dantza nezake, baina aitortzen dut badirela barruagotik sentitzen ditudan doinu batzuk, beste kantuek mugitzen ez dizkidaten gorputz-atalak martxan jarriko balizkidate bezala sentitzen ditudanak. Arlo pertsonala alde batera utzita, Michael Jackson historiako artistarik handienetakoa izan dela ukaezina da nire ustez. Beraz, nire bilduma bukatzeko, haren arrakastarik handiena hautatu dut; Thriller. Bide batez, gustuko baduzu, El descampao podcastaren Thriller albumari buruzko atala entzutea gomendatuko nizuke".