Ezberdina izateaz haurrentzako ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute Hiruputzu gaztetxean

Intza Trula 2024ko api. 3a, 11:00
Mariano Hurtado eta Nerea Ariznabarreta ipuin kontalariak.

Apirilaren 14an, 17:00etan, izango da Ezberdin bezain eder ikuskizuna, Putzu Txiki asanbladak antolatuta. Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado izango dira ipuin kontalariak.

Ezberdin bezain eder  3 urtetik gorako haurrei zuzendutako ipuin kontaketa musikatua eskainiko dute Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado ipuin kontalariek apirilaren 14an, igandez, Hiruputzu gaztetxean. Putzu Txiki asanbladak antolatu du emanaldia, eta 17:00etan jarri dute hitzordua. Sarrera lau euroan erosi ahal izango da.

Honakoa diote Ariznabarretak eta Hurtadok ikuskizunaz: "Ezberdina izatea. Horixe da kontaketa honetan darabilgun gaia. Anitz eta ezberdina dena kuriositatez begiratu, ezagutu eta hurbildu. Txirula izan nahi zuen kontrabaxua, milaka koloretako eguzki izpi arraroa eta ezusteko oparia jaso zuen urtxintxa izango dira gure protagonistetako batzuk, eta… Zuzeneko musika izango da istorio hauetako bidelagun fidela, emozioak ernetu, ertzak bigundu, begirada zabaldu eta aniztasuna laguntzat hartzen lagunduko gaituena".