'Gioneko ahizpak' film japoniarra eskainiko dute etzi Photomuseumen

Intza Trula 2024ko api. 3a, 16:00
'Gioneko ahizpak' filmaren irudia.

Gela programaren barruan, emakumea eta zinema oinarri dituen filmak lantzen ari dira Photomuseumen. 18:00etan emango dute bigarren saio honetarako hautatutako Gioneko ahizpak ikus-entzunezkoa.

Gioneko ahizpak film japoniarra ikusteko aukera izango da etzi, ostirala, Photomuseumen. Gela programaren barruan, martxoaz geroztik emakumeak zineman izan duen presentzia nabarmentzen dihardu Photomuseumek: Ryazaneko emakume nekazariak izan zen lehen saiorako hautatutako filma, eta Gioneko ahizpak izango da bigarrengoan landuko dutena. 18:00etan emango dute filma, eta sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

Zinemak rol femenino estereotipatuekin jokatu du behin baino gehiagotan, hala nola emakume gaiztoa, objektu sexuala, bere funtzio soziala betetzen duena, heroina edo bere printze urdina bilatzen duena. Edonola ere, patriarkatu klasikoak zuzendutako estereotipoetatik kanpo, zinemaren historian estereotipoekin ere hautsi da, horiek kritikatuz, erakutsiz edo besterik gabe hautsiz.

Hori horrela, estereotipoetatik kanpo, beste ikusteko eta pentsatzeko modu bat sustatzen duen Gioneko ahizpak filma ikusteko aukera egongo da etzi. Kenji Mizoguchi zinemagilearen 1936ko film japoniarrak bi geishen istorioa kontatzen du, eta emakume japoniarraren kontrako poloak irudikatzen ditu: bata neska modernoa eta errebeldea den bitartean, bestea, tradizionala eta otzana da. Gioneko ahizpak emakume japoniarraren tratamenduaren salaketa sozial sendoa da.