Beñat Arruti: "Obrak jasotzen dituen poemak behar batetik idatziak izan dira"

Intza Trula 2024ko api. 5a, 09:00
Beñat Arruti. (Donostia Kultura)

VII. Donostia Kultura poesia lehiaketa irabazi zuen martxoan Beñat Arrutik, 50 poema inuguru biltzen dituen Arkeologia haragitan obrarekin. Ekainean kaleratuko du poemarioa Balea Zuria argitaletxeak.

Beñat Arruti (Zarautz, 1999) zarauztar gazteak irabazi zuen martxoan VII. Donostia Kultura poesia lehiaketa, Arkeologia haragitan obrarekin. Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiaren iritziz, besteak beste, "aipuz eta irakurketaz ondo hornitutako poema bilduma da, eta trebeki uztartzen ditu gogoeta eta hizkuntzaren distira". Egilearen esanetan, "behar batetik idatziak" izan diren 50 poema inguruk osatzen dute lana, eta Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du poema liburua ekainean.

Zer sentitu zenuen VII. Donostia Kultura poesia lehiaketa irabaztean? Espero al zenuen?

Ez nekien nire lanak lehiaketa horretan maila emango zuen ala ez, eta egia esan, ez nuen batere espero irabaztea. Alde horretatik oso gustura nago.

Zerk bultzatu zintuen lehiaketan parte hartzera?

Hasiera batean ez nengoen ziur poemario hau argitara eman nahi nuen ala ez, jendeak esango zuenagatik. Halere, azkenean nire buruan zebiltzan ideia horiek alde batera utzi nituen, eta lehiaketara aurkeztea erabaki nuen. Zer axola du, bada, jendeak dioenak? Gainera, kultura horrelako gauzekin egiten dela uste dut. Horrez aparte, lan hau askatzeko beharra ere sentitzen nuen dagoeneko, eta banekien ezin nuela idatzitako guztia betirako nire ordenagailuan ezkutatu.

Lan hau askatzeko beharra sentitzen nuen dagoeneko

45 eta 50 poema inguru ditu lanak. Zenbat denbora eman duzu horiek idazten?

Aurkeztutako obraren idazketa prozesua luzea izan da. Lanak jasotzen dituen poemarik zaharrenak duela bost urte inguru idatzi nituen, baina, gehienak azken bi urte hauetan idatzitakoak dira. Berehala ohartu nintzen lan honetako poemek bazutela zerbait elkar lotzen zituena, koherentzia bat, osotasun bat.  Poema liburu bat osatzeko egokiak zirela uste nuen.

Zer kontatzen dute poemek?

Denetarik dago, baina istorio intimoak eta pertsonalak dira orokorrean. Bidaia pertsonal bat bezala deskribatuko nuke Arkeologia haragitan. Liburu honetan dauden poemak behar batetik idatziak izan dira, bakarrik ateratakoak dira, eta hori oso aberasgarria dela uste dut.

Bidaia pertsonal bat bezala deskribatuko nuke Arkeologia haragitan

Eta, Arkeologia haragitan izenburua, nondik dator?

Izenburua amaiera aldera aldatu egin nuen, Arkeologia haragitan egokiagoa iruditzen baizitzaidan. Alde batetik, Arkeologia hitza Michel Foulcault pentsalariaren ideietatik hartu nuen. Masterra egiten ari nintzenean asko aipatzen zuten. Berak ez zuen bere burua pentsalari modura ikusten, baizik eta historiako arkeologo modura, eta ideia hori asko gustatu zitzaidan. Uste dut maila pertsonalean nolabaiteko arkeologia egin dudala nik ere poema hauek idazterakoan. Haragitan hitzak norberaren buruari eta inguratzen dituen guztiei egiten die erreferentzia. Sakontze eta bilaketa bat da.

Bi hilabete barru kaleratuko du poema liburua Balea Zuria argitaletxeak. Nola zaude alde horretatik?

Pentsamendu kontrajarriak ditut argitalpenaren inguruan. Alde batetik, lehen esan bezala, nire barrenak bilduma hau askatzeko eskatzen zidan, besteekin konpartitzeko. Gainera, obra honetatik edonork ezer positiboa atera badezake, ni pozik. Beste aldetik, poema intimoak dituen liburu bat argitaratzeak bertigoa ematen du. Azken finean nire identite hori besteen aurrean aurkeztuko dut, eta jendeak nire beste alderdi bat ezagutuko du.

Psikologia ikasi zenuen aurrena, eta Ikerketa eta Esku Hartze Psikosozialeko Masterra egin zenuen ondoren. Nondik datorkizu poesiarekiko zaletasun hau?

Zaila egiten zait data zehatz bat aipatzea, baina betidanik izan dut gustuko idaztea, oso natural ateratzen zait. Halere, duela zazpi urte esan izan balidate sari hau irabaziko nuela, zaila egingo zitzaidan sinestea. Izan ere, nahiz eta poesia irakurtzen dudan, ez naiz inoiz irakurle amorratu horietako bat izan. Egia da ikasketek ere ez dutela lotura zuzena poesiarekin, baina, azken finean, obra honetan nolabaiteko psikologia egin dut nire barne kontuekin.

Aurrera begira, poesiaren bidetik jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Idazten jarraitzen dut eta etorkizun batean idazten jarraituko dut, zalantzarik gabe, baina ez, ez dut uste poesia nire ogibidea izango denik. Nire lana daukat, eta oso gustura nago horrela.