Play-Eruak txapelketak hartuko du hondartza asteburuan

Intza Trula 2024ko api. 5a, 17:00
Iazko Play-Eruak txapelketa. (Onintza Lete Arrieta)

Bihar eta etzi jokatuko dute Play-Eruak Hondartzako Futbol Txapelketa, Zarauzko hondartzan. DBHko ikasleek osatutako 69 taldek hartuko dute parte bertan.

Inoiz baino parte hartzaile gehiago bilduko dira asteburuan Play-Eruak Hondartzako Futbol Txapelketan: DBHko ikasleek osatutako 69 talde arituko dira garaipena lortzeko lehian. Bihar eta etzi goizean jokatuko dituzte partida guztiak, Zarauzko hondartzan.

Hori horrela, bihar 08:30ean irekiko dute harrera, eta jokalariek ordu horretarako azaldu beharko dute plaieroen lokal ingurura. Partidak, berriz, 09:00etan hasiko dira. Etzi harrera 09:00etan zabalduko dute, eta norgehiagokak 09:30ean hasiko dira. DBH 1 eta 2 mailetako ikasleentzat harrera gune bat egongo da, eta beste bat DBH 3 eta 4 mailetako ikasleentzat. 

Horrez gain, antolatzaileek gogorarazi dute futbolariek olio botila, azukre paketea edota dilista paketea eraman behar dutela jokatu ahal izateko, eta produktuak uztera banan banan joan beharrean, taldeko batek guztiak bildu eta harreran entregatzeko ardura har dezakeela. Bildutakoa Zarauzko Elikagai Bankuarentzat izango da, eta horregatik, jokalariek ez ezik, herritar guztiek izango dute produktuak uzteko aukera. Halaber, talde bakoitzak bi kamiseta ezberdin eraman behar dituela gogorarazi dute.

Indarrak berreskuratzeko fruta eta txokolate beroa banatuko zaie parte hartzaileei, baina edalontziak ezin izango dira hondarretara jaitsi, "hondartza guztiz garbi mantentzeko". Sariak ere izango dira futbolarien artean: taldeentzako afariak, surf ikastaroak, izozkiak eta Txuri-Urdinera joateko sarrerak zozkatuko dituzte. Gainera, Arraio irratiko esatariek partiden zuzeneko emankizunak eta elkarrizketak eskainiko dituzte bertatik.