Hainbat harrijasotzaile zarauztar lehiatuko dira bihar Aian

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 6a, 11:00
'Urra' nagusitu zen 2022ko Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan.

Hain zuzen ere, Gizonezkoen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan lehiatuko dira Xabat Olaizola, Imanol Royo Lartain, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra eta Iraitz Arruti zarauztarrak. 17:00etan hasiko da txapelketa. 

Aiako XX. Txakolin Egunaren bueltan, Gizonezkoen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa jokatuko dute bihar Aian. Guztira bost harrijasotzaile ariko dira biharkoan, denak zarauztarrak: Xabat Olaizola, Imanol Royo Lartain, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra eta Iraitz Arruti. 

17:00etan hasiko da txapelketa, baina horren aurretik ere izango da zer gozatua Aian. 11:30etik hasita, Getariako txakolina dastatzeko aukera izango dute Aiako plazara gerturatzen diren guztiek, baita txekor haragi pintxoak jateko ere. Horrez aparte, 14:00etan Gazte Asanbladak txosna zabalduko du. Kirol lehia amaitu ostean, Lajak eta Lutxurdik izango dute guztiak dantzan jartzeko ardura, erromerian.