Abian dira aurtengo Play-Eruak

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 6a, 17:00

Herriko eta inguruetako DBHko ikasleak gogotsu jaitsi dira gaur goizean Zarauzko hondartzara, kirola eginez lagun artean ondo pasatzera. 64 taldek eman dute izena, eta hondartza futboleko txapelketak bihar goizean jarraituko du.

Gaur goizean hasi da Play-Eruak hondartza futboleko txapelketa Zarauzko hondartzan, eta giro bikainean aritu dira lagun artean lehian DBHko ehunka gaztetxo. Izan ere, herriko eta inguruetako 64 taldek eman dute lehiaketan jokatzeko izena aurten. Giro on hori mantentzen ibili dira Arraio Irratiko kideak ere, partiden berri zuzenean emanez eta elkarrizketak eginez, guztia umore onenarekin.

Partidak 09:00etan hasi dira gaur, eta eguerdian amaitu. Bihar ordu erdi beranduago ekingo diete, 09:30ean, baina txapelketaren bigarren eta azken egun horretan ere eguerdian amaituko dute lehia.

Aurreko edizioetan bezala, txapelketan parte hartu ahal izateko futbolariek olio botilak, azukre paketeak nahiz dilista paketeak eraman behar izan dituzte jokatu ahal izateko. Bildutakoa Zarauzko Elikagai Bankuarentzat izango da, eta horregatik, jokalariek ez ezik, herritar guztiek izango dute produktuak uzteko aukera.

Indarrak berreskuratzeko fruta eta txokolate beroa banatu dizkiete partaide gazteei, eta sariak ere egongo dira horientzat: taldeentzako afariak, surf ikastaroak, izozkiak eta Txuri-Urdinera joateko sarrerak zozkatuko dituzte, izan ere.