Mikel Lopetegi 'Urra'-k irabazi du azken sei urtez jarraian Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa

Andrea Zipitria 2024ko api. 8a, 10:51

Zarauztarrak 36 aldiz jaso zuen kopa, kubikoa 23 aldiz eta bola, 27 bider. Guztira, Zarauzko lau harri-jasotzailek osatu zuten Aiako frontoian atzo arratsaldean jokatu zen txapelketa. 

Atzo jokatu zen Aiako frontoian Gipuzkoako Harri Txikien txapelketa. Lau harri-jasotzailek hartu zuten parte, guztiak ere zarauztarrak: Mikel Lopetegi Urra, Xabat Olaizola, Iraitz Arruti eta Hodei Iruregoiena Izeta IV. Horiek hiru harri jaso behar izan zituzten –kopa, kubikoa eta bola–.

Jasoaldietan kilo gehien jaso zituenak irabazi zuen; Urrak, hain zuzen ere. Seigarren urtez jarraian jantzi du txapela. Zarauztarrak garaipena eskuratu zuen 36 aldiz kopa jasota, kubikoa 23 aldiz eta bola 27 bider. Bigarren postuan amaitu zuen proba Xabat Olaizolak. 27 jasoaldi egin zituen koparekin, 19 eta 25 aldiz altxatu zituen, kubikoa eta bola, hurrenez hurren. Iraitz Arrutik hirugarren amaitu zuen txapelketa, 27 (kopa), 18 (kubikoa) eta 20 (bola). Hodei Iruretagoiena izan zen laugarren. 25 bider jaso zuen kopa, kubikoa 18 alditan eta 20 bider bola.

Argazkiak: Miriam Sarasola