Mugikorren erabileraren inguruko hitzaldi zikloa antolatu du udalak

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 9a, 09:00
Mugikorra (Pixabay)

Lehen saioa gaur egingo dute, eta Mundu digitala: hipersexualitatea izango dute hizpide. Esti Linares arduratuko da hitzaldiez; Etxezabala eraikineko aretoan izango dira.

Mugikorraren erabilerak gora egin du gazteen artean, eta teknologia berri horiek egoki erabiliz gero positiboak izan badaitezke ere,  batzuetan gailuen erabilera okerrak eta arriskutsuak egiten dira. Hori dela eta, Zarauzko Udalak doako hiru hitzaldi antolatu ditu Etxezabala eraikineko aretoan, hil honetako asteartetan. 18:00etatik 20:00etara.

Lehena gaur izango da, eta Mundu digitala: hipersexualitatea izango dute hizpide; bigarrena, apirilaren 16an, Bideojokoak eta whatsappa: maskulinitateak jokoan?; eta hirugarrena, apirilaren 23an, Pornografia: guraso estrategiak. Saioak euskaraz eskainiko ditu Esti Linares adituak. Hitzaldi ziklo hau bereziki gurasoentzat zuzenduta badago ere, herritar ororentzat egongo da irekia.