Informazio puntua jarriko du UKUEk larunbatean santelmoetako olagarro zopa lehiaketarako

Juan Luis Romatet 2024ko api. 10a, 11:00
Duela bi urteko lehiaketako irabazleak. (Mireia Galarza Bastida)

Ekitaldi jasangarrien sustapena bultzatzeko kanpainaren barruan, informazio puntua jarriko du Urola Kostako Udal Elkarteak datorren larunbatean Zumaian. Olagarro zopa lehiaketarekin batera izango da, eta ekitaldia "jasangarriagoa" bihurtzea du helburu.

XXIV. Olagarro zopa lehiaketa egingo da datorren larunbatean Zumaian, santelmoen repetizioarekin batera. Goizez egingo da ekitaldia, Torreberriko aterpean. Ekitaldi jendetsua izango dela aurreikusten da, eta antzerako ekitaldietan egin bezala –Orioko San Nikolasetako herri bazkarian egin zuten lehendabizikoz iaz–, informazio puntua jarriko du Urola Kostako Udal Elkarteak ekitaldia jasangarriagoa izan dadin. Hala, hezitzaileak izango dira bertan egin daitezkeen hobekuntza posibleak identifikatzeko.

Horretaz gain, birziklatzeari buruzko zalantzak argituko dituztela ere azaldu dute kanpainaren sustatzaileek eta behin lehiaketaren ondorengo dastaketa amaituta, hondakinak non bota behar dituzten adieraziko diete herritarrei hezitzaile hauek. Honetaz haratago, elikagaiak alferrik ez galtzeko sentsibilizazio-ekintza bat ere egingo dela ere gaineratu dute. Izan ere, UKUEren arabera, elikagaien xahuketak Urola Kostako eskualdean bakarrik urtean 7.000 tona janari baino gehiago botatzea eragiten du.

Ingurumen hezitzaileek eskualdeko udalerrietan antolatutako ekitaldi horien jasangarritasun maila ikertuko dute kanpaina hauen bidez. Aztertuko dituzten alderdiak, besteak beste, material berrerabilgarrien erabilera, ur- eta energia-kontsumoa eta hondakinen sorkuntza izango dira. 

Kanpainak jarraipena izango du urtean zehar eskualdeko udalerrietan, eta, hala, informazio mahaiak jarriko ditu UKUEk Aiako Landare Berezien Azokan, Antxoaren egunean, Getarian, eta Zarauzko Pagoeta Mendi Lasterketan.