Andoni Etxabe GRABNI binakako gomazko paleta txapelketako finalera sailkatu da

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 9a, 12:30
Andoni Etxabe zarauztarra eta Joseba Beroz andoaindarra. (Utzitakoa)

Partida baten faltan Gipuzkoako ordezkariak sailkatuta dira jada maiatzean Gasteizen jokatuko duten final handira. Hurrengo partida ligaxkako azkenengoa izango da eta Nafarroako selekzioaren aurka jokatuko dute gipuzkoarrek apirilaren 20an Iruñean. 

22 urtez azpiko GRABNI binakako gomazko paleta txapelketan murgildurik daude Andoni Etxabe zarauztarra eta Joseba Beroz andoaindarra. Asteburu honetan jokatu dute Gasteizko Mendizorrotza pilotalekuan Araba eta Gipuzkoa arteko partida, eta gipuzkoarrek irabazi zuten partida Ortiz de Mendibil eta Murgiondo arabarrekin lehiatu ostean.

Partidari dagokionez, arabarrak aurreratu ziren hasieran, 8-6ko markagailuarekin, bikote gipuzkoarrari kosta egin baitzitzaion frontoiari tamaina hartzea. Pilota motela atera ostean, ordea, 12 tanto jarraian egin zituzte gipuzkoarrek, eta markagailua iraultzea lortu zuten. Etxabek lehiaren ekimena hartu eta aurkariari bizkarra erakutsi zion bitartean, Berozek aukera zuen bakoitzero, txokoan pilota moztuz aurkariak deseroso jartzea lortu zuen. Azken tantoa zarauztarrak ezkerrarekin egindako bi pareta eder batekin amaitu zuen. 15-25ko emaitzarekin amaitu zuten partida. 

Txapelketan Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak ari dira  parte hartzen ligaxka erako formatuan, eta partida baten faltan Gipuzkoako ordezkariak jada sailkatuta dira maiatzean Gasteizen jokatuko duten final handira. Hurrengo partida ligaxkako azkenengoa izango da eta Nafarroako selekzioaren aurka jokatuko dute gipuzkoarrek apirilaren 20an Iruñean.