Errepide denboraldirako taldeak aurkeztuko ditu Eulen Nuukek ostegunean Modelon

Juan Luis Romatet 2024ko api. 9a, 17:00
Euripean korritu behar izan zuten igandean. (Eulen Nuuk)

Errepideko txirrindularitza denboraldian aterako dituen taldeak aurkeztuko ditu Eulen Nuukek etzi, ostegunez, Modelo aretoan egingo den ekitaldian. 

Errepideko txirrindularitza denboraldia duela aste batzuk abiatu zuten. Nahiz eta dagoeneko lehiatu diren, Zarauzko Eulen Nuuk taldeak etzi, ostegunez, aurkeztuko ditu Euskal Herriko eta euskal mugetatik kanpoko errepideetan klubaren mailot urdina jantziko dituzten taldeak. 19:00etan izango da ekitaldia, Modelo aretoan, eta bertan aurtengo denboraldian atera dituen bi taldeak aurkeztuko ditu, gizonezkoena zein emakumezkoena.

Aurkezpen ekitaldia ostegunean bada ere, Zarauzko txirrindulariek jada korritu dituzte zenbait lasterketa. Hala, pasa berri den asteburuan Gaztela eta Leongo (Espainia) bideetan lehiatu dira, Segovian, hain zuzen. Larunbatean, kilometro eta erdiko ibilbidea izan zuen erlojuaren aurkako lasterketa izan zuten. Laburra izanda ere, erdia maldan gora izan zen, eta lasterketa mota hauetan espezialista den Jaime Romero bosgarren izan zen irabazlearekiko sei segundora. 23 urtez azpikoen kategorian bigarren izan zen txirrindulari gaztea. Ibai Irisarrirentzako ere lasterketa egokia izan zitekeen printzipioz, eta hala erakutsi zuen, lehen hogeien artean sailkatuz.

Igandean, berriz, 160 kilometroko lasterketa izan zuten, zirkuitu bati bost itzuli emanaz. Eguraldi kaskarra izan zuten, eta tenperatura ez zen inoiz hamabi gradotatik igo. Ez ziren baldintza onenak bizikleta gainean aritzeko, baina argi dute egoera horietan ere lan egin behar dutela txirrindulariek.