Onenen pare dago

IƱigo Lasa Fresneda - Berria 2024ko api. 10a, 09:00

Erik Balentziaga zarauztarrak lehen sasoia du Bundesligan, munduko eskubaloi ligarik onenean. Hain ondo aritu da, iritsi eta gutxira kontratua beste bi urtez luzatu baitio klubak. 

Pausoz pauso, baina beti aurrera begira. Halaxe iritsi da tontorrera Erik Balentziaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1993). Inongo presarik gabe, bere bidea eginez joan da, eta, pazientzia eta esperientzia lagun, Alemaniako Bundesligara iritsi da, askorentzat munduko eskubaloi ligarik onena denera. Melsungen taldearekin batera, denboraldi "polita" ari da bizitzen erdiko gipuzkoarra.

Izan ere, Hessen estatu federaleko taldea sasoi bikaina osatzen ari da. Ligan, bosgarren postuan da; hau da, Europarako sailkatzeko postuetan; kopan, berriz, Lauko Finalerako sailkatuta dago. Denboraldiaurreko aurreikuspenak txiki utzi dituzte: "Denboraldi hasieran inork ez zuen espero postu honetan egongo ginenik. Pozik gaude. Ea horrela jarraitzerik badaukagun". Sasoi amaierara bikain iritsi dira: taldea ondo baino hobeto ari dira betetzen Europara bueltatzeko helburua.

Melsungen ederki ari da, baina baita Balentziaga bera ere. Hau du lehen sasoia Bundesligan, eta hasiera-hasieratik zer egiteko gai den erakutsi du. Itzalpean hasi zen, baina berehala hasi zen dir-dir egiten. Aho zabalik utzi ditu asko, baita bere burua ere. "Ez nuen halakorik espero. Nire asmoa zen hona etorri eta pixkanaka-pixkanaka ligara ohitzea. Baina, aurreneko momentutik, gauzak ondo ari zaizkit ateratzen, eta taldea ere asko ari zait laguntzen; pozik nago".

Lehen partidatik eman duen "maila altuagatik" eta Bundesligako zale askorentzat "jokalari ezezaguna" izateagatik, are arrasto handiagoa uzten ari delakoan da. Hain izan da handia erdiko gipuzkoarrak izan duen eragina, liga hasi eta hilabete gutxira 2025era arte zuen kontratua beste bi urtez luzatu zion klubak. Oso gutxitan ikusten dira horrelakoak goi mailako kirolean. Melsungenek hartutako erabaki horrek ezustean harrapatu zituen asko, baita Balentziaga bera ere: "Banekien mugituko zirela, baina ez nuen uste hain goiz izango zenik. Kontratua sinatu nuenean, esan zidaten ondo jokatzen banuen aurrerago kontratua luzatzeko eskaintza bat egingo zidatela. Baina ligako laugarren jardunaldiaren ostean hasi ziren lehen hartu-emanak. Ez nuen espero, baina oso pozik nago".

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, hemen.