Ander Iruretagoienaren 'Babesa' filma Laburbira 2024 zirkuitu ibiltarian sartu dute

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 10a, 10:00
'Babesa' film laburreko irudia.

Beste zazpi film laburrekin batera, Euskal Herriko hainbat herritan eskainiko dituzte horien proiekzioak. Getarian igande honetan egingo dute Iturzaeta aretoan, 19:00etan hasita. Iruretagoienak Zarautzen aurrestreinatu zuen film laburra otsailean.

Ander Iruretagoiena sortzaile zarauztarrak ondutako Babesa film laburra Modelon aurrestreinatu zuten otsailaren 15ean, eta orain filma Getarian ikusteko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, Laburbira 2024 euskarazko film laburren zirkuitu ibiltarian sartu dute Iruretagoienaren film laburra. 

Ikus entzunezkoak ama gaixorik duen Aratz gaztearen istorioa kontatzen du, diru-iturri bila bere burua prostituituko duena, eta beste zazpi film laburrekin batera dago Laburbiran: Dena asmatuta dago (Jone Arriola), Katalinaren Zoria (Guillermo Ordás), Erro (Amaia Lejarreta), Mundu berri bat (Mikel Alvarez), Zirrara (Ane Cuesta), Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta Betizu buru (Kim Maiteny Munoa). 

Igande honetan, hilak 14, izango dira proiekzioak Iturzaeta aretoan, 19:00etan hasita. Sarrerak dagoeneko salgai daude hiru euroan Getariako Turismo Bulegoan, eta egunean bertan leihatilan ere eskuratu ahalko dira. Getarian ez ezik, eskualdean Azpeitian ere egingo du geldialdia Laburbirak. Apirilaren 21ean izango da, 19:30ean, Soreasun.