Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere UEMAk eta Zarauzko Udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 11a, 16:00

Gipuzkoan dagoeneko 92.173 herritarrek eskatu dute Ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara izatea eta, aurtengo helburua 100.000 lagunetara iristea izango da. Zarautzen, iaz egindako errenta aitorpenen % 26 euskaraz egin zela azaldu du udalak.

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute apirilaren 8tik aurrera UEMAk eta hainbat erakunde publikok elkarlanean. tartean Zarauzko Udalak. Gipuzkoan dagoeneko 92.173 herritarrek eskatu dute Ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara izatea eta, aurtengo helburua 100.000 lagunetara iristea izango da.

Zarautzen, iaz egindako errenta aitorpenen % 26 euskaraz egin zela azaldu du udalak. "Urtez urte gehiago dira, eta aurten ere herritarren eta administrazioaren arteko euskarazko harremanari bultzada berezia eman nahi diogu kanpaina honen bidez", gehitu du erakundeak. Zarauzko hainbat aholkularitzari eta gestoriari ere bidali zaie mezua, eta proposatu zaie bezero euskaldunei aitorpena euskaraz egiteko aukera eskaintzea eta euskaraz egin dezaten animatzea. "Bezero euskaldunari zerbitzua euskaraz ematea kalitateko zerbitzua ematea baita", dio udalak.