'Pajaros' eta 'Museoaren zaindariak' filmak emango dituzte asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 13a, 09:00

Zazpi zinema saiotan eskainiko dituzte bi ikus-entzunezkoak Modelo aretoan, gaur hasi eta astelehena bitartean.

Zinema eskaintza bikoitza izango da asteburu honetan ere Modelo aretoan; izan ere, Pajaros eta Museoaren zaindariak filmak emango dituzte gaurtik astelehenera. Lehenengoa jatorri espainiarrekoa da eta aski ezagunak diren Javier Gutierrez eta Luis Zahera aktoreak ditu protagonista. Gutierrezek Colombo gorpuztuko du, marihuanarekin trapitxeatzen duen mekanikaria; Zaherak, berriz, Mario hegazti zalea. Biek ustekabean egingo dute topo Colombok lan egiten duen tailerrean eta biei komeniko zaien akordioa adostuko dute kurriloen atzetik elkarrekin bidaiatzeko.

Museoaren zaindariak, bestalde, haurrei zuzendutako animaziozko filma da eta euskaraz emango dute. Ikus-entzunezkoak Vincent katu gaztearen Maurice sagutxoaren istorioa kontatuko du. Piano zahar batean elkartuko dira bi pertsonaiak uholde batetik ihesi, eta, marinel talde batek erreskatatuko ditu. Azken hauek museo batera eramango dute pianoa, eta, bertan, orotariko artelanak zaintzeaz arduratzen den katu talde berezirekin egingo dute bat.

Apirilak 13, larunbata
16:45 Museoaren zaindariak
19:15 Pajaros
22:15 Pajaros

Apirilak 14, igandea
16:45 Museoaren zaindariak
19:15 Pajaros

Apirilak 15, astelehena (ikusleen eguna)
17:00 Pajaros
19:30 Pajaros