Salberdingo baxu batean kokatuko dute Lanbide

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 13a, 13:30

Eusko Jaurlaritzak auzo horretako baxu komertzial bat erosi du 498.729 eurotan, lekualdaketa datorren urtean egiteko asmoz.

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak bere sare sozialetan iragarri duenaren arabera, Lanbideko bulegoa Salberdingo eremu berriko baxu batera lekualdatuko dute. Eusko Jaurlaritzak auzo horretako baxu komertzial bat erosi du 498.729 eurotan, lekualdaketa datorren urtean egiteko asmoz.
 
Enplegu bulegoa duela ia hiru urte aldatu zuten lekuz, Zarauzko Udalak Salberdingo etxebizitzak eraikitzeko onartutako hirigintza aldaketen ondorioz, eta behin-behineko lekualdaketa egin zuten Bizkaia kalera. "Bertan dituzten espazio mugen eta beste gabezia tekniko batzuen jakitun" izanda, espazio "egokiago" bat bilatu nahi izan dute erakundeek, eta hori horrela, lokal berriak ia 400 metro karratuko azalera izango du, orain duenak baino bi aldiz gehiago
 
Zarauzko Lanbiden 15 pertsonak egiten dute lan, horietatik 11 Lanbide-Euskal Zerbitzu Publikokoak dira eta 4 Estatuko SEPE zerbitzukoak. Behin betiko kokalekura aldatzea datorren 2025erako aurreikusten da.