Gogotik ospatu dute Yuri Bertxitxek eta Iribarrek Athleticek irabazitako Kopa

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 12a, 12:00
Yuri Bertxitxe eskuinean, besoak jasota, Gabarran, atzoko ospakizunak abiatzean. (Athletic Club)

Jendetza bildu da Bilbon 40 urteren ondoren Gabarra entzutetsua berriro uretan ikusteko. Luze iraun du festak eta datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu dute.

Zarautzek ordezkaritza izan zuen atzo Bilboko itsasadarrean nabigatu zuen Gabarra ontzian. 40 urteko itxaronaldi luzearen ondoren berriro uretaratu zuen Athleticek joan den asteburuan irabazitako Errege Kopa zaleekin batera ospatzeko eta ontzian izan zirenen artean zeuden Yuri Bertxitxe Bilboko taldeko futbolari zarauztarra eta Jose Angel Iribar klubeko Jokalari Ohien Elkarteko presidentea. Biak ala biak gustura aritu ziren milioi bat lagun bildu zituen ospakizun erraldoian eta hitza ere hartu zuten udaletxeko balkoira igotakoan.

Sevillan jokatutako finalean hasierako hamaikakoan zelairatu zen Bertxitxek harro gogoratu zuen sei urte daramatzala jada Athleticen eta nabarmendu zuen bere "bizitza osoan hartutako erabaki onena" izan dela Bizkaiko taldearekin sinatzea. Zentzu horretan, finalaren aurretik ere egindako prentsa agerraldi batean nabarmendu zuen zarauztarrak beretzat "berezia" litzatekeela Athleticekin kopa irabaztea eta "aurrez irabazitako titulu guztiengatik aldatuko" lukeela.

Iribarrek, bere aldetik, eskerrak eman zizkien bertaratu guztiei eta datorren denboraldian ospakizunei jarraipena emateko gogotsu agertu zen: "Koparen bila joango gara berriro eta Madrili irabaziko diogu".

Dena den festa ez zuten udaletxean amaitu, hiriko kaleetan jarraitu baitzuen, ondoren. Bizkaiko Aldundiaren egoitzara arteko bidea egin zuten jokalariek autobusean, zaleak agurtu bitartean, eta han berriro egin zieten harrera lurraldeko agintariek. Hura bukatuta, gaueko ordu txikiak arte luzatu zituzten ospakizunak zaletuek.

Jose Angel Iribar Ernesto Valverde entrenatzailearekin autobusean, Errege Kopa eskuetan dutela. (Athletic Club)