Elkarteak urte hauetan guztietan egindako lana txalotu dute Jira Biraren denboraldi berriko aurkezpenean

Juan Luis Romatet 2024ko api. 13a, 12:00

Errepideko txirrindularitza denboraldian Eulen Nuuken maillot urdina eramango duten taldeak aurkeztu ditu Jira Bira elkarteak Zarauzko Modelon egindako ekitaldian. Harrobiarekin egiten duen lana goraipatu zuten agertokira igo ziren lagunek. 

Egun handia izan zuen atzo Zarauzko Jira Bira txirrindularitza elkarteak. Errepide denboraldia dagoeneko martxan badago ere, eta Eulen Nuuk taldearen maillot urdina jada Euskal Herriko eta euskal mugetatik kanpoko errepideetan ere ikusi bada ere, atzora arte ez zituen Jira Birak aurtengo denboraldian atera dituen bi taldeak, gizonena zein emakumeena, jendaurrean aurkeztu. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Modelo aretoan, Iñaki Izquierdo kazetariak eta Juan Mari Guajardo speakerrak gidatu zuten saioan. Txirrindulariez gain, elkarteko zuzendari eta laguntzaileak, instituzioetako eta federazioetako ordezkariak, eta txirrindulari ohiak igo zituzten Zarauzko aretoko agertokira. Herritarrek eta txirrindularitza munduko lagunek bete egin zituzten Modeloko eserlekuak.

Jira Birak bi talde atera ditu aurten, gizonetan eta emakumeetan bana, biak ere elite eta 23 urtez azpikoen kategoriatan. Zarauzko klubak aurtengo denboraldian talde txikia atera dutela azaldu zuten esatariek. Izan ere, 22 lagunek jantziko dute Eulen Nuuken maillota: hamalau txirrindularik mutiletan –horietatik zazpi juniorretatik igo berriak–, eta zortzik aurten bigarrengo denboraldia egingo duen emakumeen taldeak. Zarauzko taldea izanik, herriko txirrindulari bat bere ez dute aurten; eskualdekoak, berriz, bi, biak ere zumaiarrak: Mattin Salegi gizonetan eta aurten txirrindularitzan debuta egin duten Maite Urteaga emakumeetan. Halako kasoetan, elkartearen lana txirrindulari hauek "egitea eta sendotzea" dela azaldu zuten, emaitzetan hainbeste pentsatu gabe. 

Harrobiko lanaren beharra

Modeloko agertokira igo ziren gonbidatuek Jira Bira bezalako txirrindularitza elkarteek harrobiarekin egiten duten lana goraipatu zuten, are eta gehiago azken urteetan txirrindulari batzuk junior mailatik profesionaletara zuzenean salto egin dutenean, afizionatuen mailatik pasatu gabe. Horren jakitun da, esaterako, Gipuzkoako Txirrindularitza Elkartearen izenean hitz egin zuen Arritxu Iribar esatari zumaiarra. Zarauzko elkartearena bezalako proiektuek "garrantzia handia" dutela adierazi zuen eta ezinbestekoa dela harrobiaren lana gazteek txirrindularitza ezagutu eta probatu dezaten. Orain gutxi istripua izan zuen Aritz Artano taldekidea izan zuen gogoan –bere lagunekin igo zen ondoren agertokira–, eta talde lanaren garrantzia ere azpimarratu zuen. "Azkenean, batek irabazten du, baina horren guztiaren atzean talde oso baten lana dago. Hori baloratu eta txalotu behar da", esan zuen Iribarrek.

Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidente Raul Mena ere gonbidatu zuten aurkezpen ekitaldira. Elkartearen lana txalotu ondoren, azken urteetan egin duen egokitzapen lana ere goraipatu zuen eta zentzu horretan emakumeen taldea atera izana jarri zuen adibide gisa. "Oker egon naiteke, baina uste dut Euskal Herri mailan talde afizionatu bakarra izango dela Jira Bira mutilen eta nesken taldeak dituena. Goiko mailetan, dirua dagoenean, errazagoa da emakumeen taldeak izatea, baina zailagoa da hori harrobiaz ari garenean". 

Bizitza osorako ikasgaiak

Eulen Nookeko zuzendaria da David Etxeberria txirrindulari ohia, eta txirrindularitzan aritzeak gazteei "bizitza osorako ikasgaiak" ematen dizkietela azaldu zuen. "Kirol gogorra da, sakrifizio asko egin behar dute, baina beraiek gustuko dute eta ahalik eta hobekien egotea bultzatu behar dugu", gaineratu zuen.

Denboraldira berrira begira "nahiko justu" daudela ere esan zuen Etxeberriak. "Urte konplikatua" izaten ari dela ere onartu zuen, eta bere ziklistek izandako erorikoak gogoratu zituen. "Eroriko asko ari gara izaten; ez dut halakorik inoiz ikusi".

Profesionaletan aritutakoa da Abadiñoko (Bizkaia) txirrindulari ohia, hainbat garaipen lortutakoa (horien artean Tourreko bi etapa, 1999an), eta ziklistek amateur mailan egin beharreko lana azpimarratu zuen. "Beti esaten diet: inportantea ez da profesionaletara heltzea, profesionaletan urte asko egitea, baizik".

Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko kirol zinegotziak ere izan zuen hitz batzuk eskaintzeko aukera, eta elkarteak sustatzen dituen baloreak goraipatu zituen. Elkartea junior kategoriatik profesionaletara arteko zubia baino gehiago "tranpolina" dela esan zuen zinegotziak, eta nahiz eta aurten Zarauzko txirrindularirik ez dagoen taldeak, "DNA zarauztarra" sumatzen duela ere bai.

Konpromisoa

Aitor Osa, Unai Osa eta Abraham Olano txirrindulari ohien ondoren, Jira Birako sortzaile eta buru den Ismael Etxarri igo zuten Modeloko agertokira. Elkartearen hamalau urteak laburbildu zituen, pistan hasi zirenetik gaur egunera arte. "Eboluzio bat egon da, eta pistan hasi ondoren, errepidearekin hasi ginen eta orain emakumeen taldea ere badugu".

Txirrindulariek "konpromisoa" eskatzen dietela esan zuen Etxarrik. "Instituzioak, antolatzaileak, babesleak, horiek guztiak garrantzitsuak dira, baina azken pausoa neska eta mutil hauek eman behar dute. Hori gabe, hau guztia ezinezkoa da", nabarmendu zuen Jira Birako buruak.

Aurkezpen ekitaldiarekin batera, Jira Birak txirrindularitzarekin harremana duen norbait omentzen du. Haren berri eman aurretik, baina, pasa den abenduan zendu zen Txomin Perurena txirrindulari handia gogoratu zuen. Benito Urraburu kazetaria omendu du aurten Zarauzko txirrindularitza elkarteak. Hainbat urtez El Diario Vasco egunkarian aritua, makina bat Euskal Herriko Itzuli, Italiako Giro, Frantziako Tour edo Espainiako Itzuliren berri eman du. Txirrindularitzako izen handienak ezagutu dituen kazetaria, beste gonbidatuek bezala, harrobiaren garrantzia goraipatu zuen Urraburuk garaikurra jasotzea. "Oinarria beharrezkoa da; oinarririk ez badago, oso zaila da dena".