Astronomia Astea asteazkenetik larunbatera egingo dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 15a, 09:00
Astronomia asteraren barruan Arkamurkak Munoan antolatutako Eguzki beheaketa. (Zarauzko Hitza)

Egitasmoaren 26. edizioa izango da eta bi hitzaldi eta gau behaketa antolatu ditu Arkamurka natura elkarteak.

Arkamurka natur taldeak antolatutako Astronomia astea bueltan da, eta, iazko 25. urteurreneko ekitaldi sorta atzean utzita, proposamen xumeagoarekin dator aurtengoan. Nolanahi ere, jarduera erakargarriak dira prestatu dituztenak. Bi hitzaldi interesgarri eta konstelazioak kokatzeko gaueko behaketa egingo dituzte, zehazki.

Hitzaldiei lotuta, Arkamurkaren egoitzan izango dira biak asteazken eta ostegunean 19:00etan hasita, eta antolatzaileek aurreratu dute gertuko gaien inguruan hausnartzeko saioak izango direla, batik bat. Hori horrela, aurten ez dituztela urrutiko planeta, galaxia edo objektu bitxiak aztertuko.

Hain zuzen, komunikabideek astronomiari buruzko albisteak lantzeko dituzten joerak izango dituzte hizpide lehenengo saioan eta Ander Gonzalez de Txabarri Arkamurkako kideak eskainiko du. Praktika txarrak komunikazioan deitu dute hitzaldia eta esukarz izango da. Astronomiari lotuta argitaratutako albiste faltsuei buruz arituko da Gonzalez de Txabarri, bertan. Hau da, gaur egun Fake news gisa ezagutzen den praktikak astronomiari nola eragin dion azalduko du, zientzia bera ere ez baitago salbu. Horretarako, Harvardeko unibertsitateko irakasle baten kasua aztertuko du, besteak beste.

Ostegunean, berriz, zinemako film apokaliptiko askotan jorratu dituzten meteoritoei erreparatuko diete. ¿Impactos cósmicos? Sí, gracias hitzaldia emango du Esteban Esteban Esteban Astronomiaren irakaskuntzarako Espainiako Elkarteko presidente ohiak, eta, bertan, meteoritoen talken onurak azalduko ditu; izan ere, ez dituzte kalteak soilik eragiten.

Amaitzeko, gaueko behaketa ere antolatu dute larunbaterako. Jakinarazi dutenez, eguraldiak laguntzen badie, zerua ikuskatuko dute begiradarekin, eta, ondoren, konstelazio nabarmenenak kokatzen saiatu dira Torreoiaren goiko solairutik. Teleskopioak ere eramango dituzte eta ilargia, planetaren bat eta beste zertzeladaren bat identifikatzen ahaleginduko dira.

Egitaraua osorik

Apirilak 17, asteazkena. Ander Gonzalez de Txabarri Arkamurkako kideak eskainitako Praktika txarrak komunikazioan hitzaldia, 19:00etan, Arkamurkaren egoitzan.

Apirilak 18, osteguna. Esteban Esteban Esteban Astronomiaren irakaskuntzarako Espainiako Elkarteko presidente ohiak eskainitako ¿Impactos cósmicos? Sí, gracias hitzaldia, 19:00etan, Arkamurkaren egoitzan.

Apirilak 20, larunbata. Gaueko behaketa, 21:00etan, Torreoian.