Jaio aurreko eta berritako doluari buruzko saioekin jarraituko dute etzitik aurrera

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 14a, 10:00
Maria Jesus Jimenez psikologoa ezkerrean, Zarauzko Udaleko Berdintasun saileko ordezkariekin jaio aurreko eta berritako doluari buruzko saioen aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Maria Jesus Jimenez psikologoak gidatuko duen laguntza taldea martxan jarriko dute eta lau saio egingo dituzte maiatzaren 28a bitartean. Bi asteartetik behin elkartuko dira parte hartzaileak.

Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak antolatuta, Latidos psikologia zentroak lau saio egingo ditu, jaio aurreko eta berritako haurren heriotzagatiko dolua lantzeko laguntza talde gisa. Maria Jesus Jimenez psikologoak gidatuko du taldea, eta, bi asteartetik behin elkartuko da. Etzi, apirilaren 16an, egingo dute lehenengo saioa eta beste hirurak hilaren 30ean eta maiatzaren 14an eta 28an egingo dituzte. Aurrez, gaiari lotutako Esku Hutsik elkartearen mahai ingurua eta argazki erakusketa ere antolatu zituen Berdintasun sailak Emakumeen Etxean.

Etzitik martxan izango den laguntza taldeari erreparatuta, atzera berriro, Jimenezek azaldu du ez dagoela emakumeei soilik zuzenduta eta, ondorioz, gizonezkoak ere gonbidatuta daudela: "Espazio irekia da, eta aitak ere ongietorriak dira. Gertaera horietan emakumeak dira foku nagusiak, baina gizonek ere sufritzen dute", zehaztu du.

Jimenezen hitzetan, umeen heriotza "dolu desautorizatua" da gizartean. Halakoetan, gainera, umearekin batera "ilusio, emozio eta etorkizuneko plan asko hiltzen dira". Hala, "min hori arintzeko laguntza" da psikologoak eskainiko duena.

Saioetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, eta, horretarako Berdintasun sailarekin harremanetan jarri behar da, Emakumeen Etxean bertan (Nafarroa kalea 3C, behea), berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 17 telefono zenbakira deituta.