Tren geltoki berria etzi zabalduko dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 13a, 17:00
Zarauzko tren geltoki berria. (ETS)

Azpiegitura berriak nasa batetik bestera pasatzeko lotura seguruagoa eta irisgarriagoa eskainiko du. Bestalde, jakinarazi dute aurki hasiko dituztela lanak geltoki berria egin bitartean Lapurdi kalean izan den behin-behinekoa eraisteko.

Eusko Trenbide Sareak amaitu ditu Zarauzko tren geltoki berria eraikitzeko lanak. Hala, asteleheneko 06:00etatik aurrera bertatik egingo dituzte tren bidezko joan etorriak Donostiarako eta Bilborako noranzkoetan. Asteburuan, dena den, azken bi urteetako ohiko martxari eutsiko dio Euskotren zerbitzuak. Hala, gaur eta bihar egingo dituzte trenek azken irteerak eta iritsierak Lapurdi kaleko behin behineko geltokian. Azken horri lotuta, hain justu, ETSk zehaztu du, datozen egunotan eraitsiko dutela, behin geltoki berria normaltasunez martxan dagoenean.

Geltoki berriko hainbat xehetasun ere eman ditu tren zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den erakunde publikoak. Besteak beste, zehaztu du azpiegiturak "nasen arteko aurreko pasabidea ezabatzea" ekarriko duela eta "nasen eta atariaren eremuaren arteko lotura segurua eta irisgarria" bermatuko duela. Zentzu horretan, azaldu du eskailera finkoekin batera igogailuak jarri dituztela nasetara iristeko, eta, igogailu bakoitzak zortzi pertsonentzako edukiera izango duela.

Nasei lotuta, bestalde, ETSk argitu du 80 metro luze eta 5,90 metro zabal direla. Horrez gain, jakinarazi du trazadura ere berritu duela trenbide bikoitzean jartzeko. Ondorioz, plataforma linearen bikoizketarako prestatua legoke. Halaber, diagonal bikoitza jarri dute geltokiaren Bilboko muturrean, Donostiatik datozen trenei trenbidez aldatzea ahalbidetzeko.

Herrigunean eragina

Zarauzko tren geltoki berriak Euskotren zerbitzuan izango duen eraginaz harago, herrigunean ere izango du inpaktua. Azken finean, azpibidea du azpiegiturak eta oinezkoentzako eta bizikletentzako lotura zuzena eskainiko du Salberdin eta Gaztainpe kaleen artean.

Lanak amaituta, ETSk gogoratu du Zarauzko Udalak finantzatu dutela proiektua, bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker. Hitzarmen horretan, Udalak aurrekontuaren % 33,3 jarri du eta Eusko Jaurlaritzak gainerako % 66,7a.