Zarautz Eleka egitasmoa martxan jarri dute ikasturte honetan

Julene Sorarrain 2024ko api. 15a, 11:00
Zarautz Eleka proiektuko partaideak, ikastetxeetako ordezkariak eta EMUN Aholkularitzako Ainhoa Lasa. (Zarauzko Udala)

Hasiera eman zaio ekimen berri honi Zarauzko ikastetxeetan. Gazteen artean euskararen erabilera indartzea du helburu, hizkuntza-kontzientziaren bitartez.

Hizkuntza-kontzientzia lantzeko helburuarekin, Zarauzko ikastetxeek –Antoniano Ikastetxea, La Salle ikastetxea, Lizardi Institutua eta Salbatore Mitxelena ikastola– DBHn lantzeko proiektu didaktiko batzuk sortu dituzte. Asmo nagusia gazteen artean euskararen erabilera indartzea dela nabarmendu du Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak.

"Euskara eta nortasuna, euskara eta aniztasuna, euskara eta eskubideak, euskara eta hizkuntza ekologia... gure nortasunean, zarauztartasunean euskarak duen garrantzia lantzeko tresna egokia osatu dugula uste dut", adierazi du Urbietak.

Proiektua 2014-2015 ikasturtean abiatu zuten Zarauzko Udalaren ekimenez, herriko ikastetxe guztietan hizkuntza-kontzientzia eta hizkuntza-jarrera bultzatzeko asmoarekin. EMUN aholkularitza enpresako kideek ere parte hartu dute proiektu honetan, ezagutza zein jarrera soziolinguistikoetan eragiteko.

Ekimenak herriko ikastetxeetako ordezkariak izan ditu partaideak, hala nola, Isortze Alvarez (Antoniano), Belen Maiz (Ikastola), Imanol Gallego (Lizardi) eta Idoia Artola (La Salle), baita Ainhoa Lasa, EMUN aholkularitzako kidea ere. Zentroek nabarmendu dute herriko ikastetxeetan elkarlanean aritzeaz gain, euskararen erabilerak ere denok batzen gaituela.