Zarauzko Udalak "zorrik gabeko" balantzea aurkeztu du

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 15a, 12:30
Iker Basurko zinegotzia. (Zarauzko Udala)

2023ko ekitaldi ekonomikoa itxi ondoren, Zarauzko Udalak 8.707.119,14 euroko diruzaintza-gerakina dauka. "Aurrerantzean ere udal baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean" kudeatzen jarraituko dutela azaldu du Iker Basurko Ekonomia zinegotziak. 

Zarauzko Udalak ohar bidez azaldutakoaren arabera, 2024ko lehen hiruhilekoan udalak ordaintzeke zeuzkan mailegu guztiak likidatu ditu. "Egoera hau 2009. eta 2012. urteetan eskuratutako 13 milioi euro inguruko zorra ordaindu ondoren gertatu da", gehitu du erakundeak.

"Zarauzko Udalak ekonomia guztiz saneatua duela esan dezakegu. Azken urteotan, udala gai izan da zor osoa ordaintzeko, inoiz azpiegituretan inbertitzeari eta zarauztarrei emandako zerbitzuak hobetzeari utzi gabe", adierazi du Iker Basurko Ekonomia zinegotziak. Aipatutako azpiegitura eta zerbitzu horien artean batzuk ere aipatu ditu udalak: Astiko kirol-instalazioen handitzea eta Lizardiko kantxa berria, Azken Portu eta Vista Alegreko hiri-igogailuekin irisgarritasuna hobetzea, San Frantzisko eta Santa Klara kaleen oinezkotzea, tren-geltoki berriaren urbanizazioa, Merkatu Plaza berritzea, Santa Klara komentua eta inguruko lurrak erostea, Errota Berri eta Abendaño industria-guneak biziberritzea edota Torreoia birgaitzea. 

Inbertsio horiekin batera, hainbat kasutan, Next Generation europar funtsen laguntza ere izan du udalak. Funts horiek 5 milioi euro inguruko laguntza eman diote erakundeari, zarauztarrentzako "estrategikoak" diren proiektuak aurrera eramateko, hala nola, Santa Klara komentua eraberritzea (3.000.000 euro), Zarauzko hiri-autobusen flota elektrifikatzea (934.917 euro) edo Villa Nuria eraikina birgaitzea Udaltzaingoaren egoitza berrirako (1.042.758,46 euro).

8.707.119,14 euroko gerakina

2023ko ekitaldi ekonomikoa itxi ondoren, Zarauzko Udalak 8.707.119,14 euroko diruzaintza-gerakina dauka, eta aurten onartutako 52.012.660 euroko aurrekontuari gehitu ahal izango dio, "inbertsioak egiten jarraitzeko eta beste hainbat proiektu aurrera eramateko".

"Aurrerantzean ere udal baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean kudeatzen jarraituko dugu, Udalaren osasun ekonomikoa ona den arren, jakin badakigulako inguruko egoera sozioekonomiko orokorra ziurgabetasun globalean murgilduta dagoela eta horrek inflazio handia eta bizi kostuaren igoera ekarri dituela", eman du aditzera Basurkok.