Urbasan egingo dute Zarauzko Beteranoen XXI. Ibilaldia

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 15a, 15:30

Apirilaren 17an eta 18an, asteazkenean eta ostegunean, eman behar da izena irteerarako.

Pagoeta Mendizale Elkarteak Zarauzko Beteranoen XXI. Ibilaldia antolatu du maiatzaren 5erako. Aurten, Urbasako paraje ederrera egingo dute irteera, eta bi ibilaldi prestatu dituzte. Lehena, lau kilometro inguruko joan-etorria, 100 metroko desnibelarekin, eta edonork parte hartzeko modukoa. Bigarrena, berriz, 8 kilometro inguruko joan-etorria da eta 250 metroko desnibela du.
 
Izena Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzan eman behar da, apirilaren 17an eta 18an, 18:30etik 20:00etara. Autobus bidaiak 10 euro balio du, eta bazkariak, berriz, 30 euro. Hamaiketakoa norberak eraman beharko du. Irteera, ohi bezala, 08:30ean izango da Agoueseko biribilgunetik, eta iritsiera Iñurritzako autobus-geltokian.