Ikusmina sortu du tren geltokiaren irekierak

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2024ko api. 15a, 13:15

Erabiltzaileak ez ezik herritar ugari bertaratu dira azpiegitura eta Salberdin eta Gaztainpe plaza lotzen dituen azpibidea bertatik bertara ezagutzera.

Zarauzko tren geltoki berria martxan da gaurtik. Bi urtetik gora iraun dute berau eraikitzeko lanek, eta, behin amaituta, goizeko lehenengo ordutik ari da bidaiariak hartzen; Donostiarako naiz Bilborako noranzkoetan doazenak batzuk, eta handik datozenak besteak. Nolanahi ere, zerbitzuaren erabiltzaileak ez dira izan bertaratu diren bakarrak, herritar ugarirengan piztu baitu ikusmina azpiegiturak.

Hori horrela, hainbat bizilagunek goiza aprobetxatu dute geltoki barrura sartzeko eta haren azpiko pasabidea zeharkatzeko. Salberdin eta Gaztainpe plaza lotzen ditu azpibideak eta gustura agertu dira herritarrak horrekin. Erabiltzaileek beraiek ere begi onez ikusi dute geltoki berria. Besteak beste, "modernoa" eta aurrekoaren aldean "erosoagoa" iruditu zaie.