'Keinura itzuli' poesia liburuaren errezitala egingo dute bihar

Julene Sorarrain 2024ko api. 17a, 16:00
Elena Olave idazlea. (zinegoak.com)

Garoa liburudendak eta Susa argitaletxeak antolatu dute ekitaldia, bihar 19:00etan.

Elena Olave idazleak 2022an kaleratu zuen Keinura itzuli poesia liburua, Susa argitaletxearen eskutik. Liburuak 57 poema labur ditu eta segidan jasota daude guztiak, atalik gabe. "Egunerokotasuneko keinu txikiak biltzeko saiakera bat da. Maillarden aipu hori aitzakia edo abiapuntu gisa hartuta eman nion zentzua edo osotasuna liburuari: keinua oso presente dago liburu osoan", azaldu zion idazleak Berriari. Errezitalean Matxalen Erzillaren laguntza izango du biolontxeloarekin.

Idazle durangotarrak Julene Azpeitia saria irabazi zuen 2015. urtean Ane Inventarium liburuarekin. Geroztik zenbait publikazio kaleratu ditu. 2019an Zeldak. Gorputz honetatik poesia liburua aurkeztu zuen eta aurreko urtean Eevee argazki liburua, Nora Alberdi argazkilariarekin batera. Berbak aldizkarirako ere hainbat ekarpen egin ditu.

Errezitala bihar izango da, 19:00etan, Garoa liburudendan. Sarrera doakoa da.