Hilberria

ZAEko presidente ohi Edu Mugertza zendu da

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 17a, 12:15
Edu Mugertza, 2011ko Zarauzko Estropaden aurkezpenean (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Pare bat urtez gidatu zuen ZAE, eta Badok 13 beteranoen traineruko sortzaileetako bat izan zen.

Atzo hil zen Edu Mugertza Urkidi, 66 urte zituela. Zarautz Arraun Elkarteko presidente izan zen 2011 eta 2013 bitartean, eta haren lekukoa Jon Artolak hartu zuen, egun oraindik ZKEren presidente denak. 2013ko denboraldiaren aurkezpenean Artolak Mugertzaren lana aitortu zuen, eta plaka bat eta egurrezko traineru txiki bat eman zizkion. 

"Semea Zarautz arraun elkarteko klubean sartu zen, eta nik ere halaxe egin nuen. Laguntzeko asmoz sartu nintzen, eta presidente amaitu nuen", adierazi zion Mugertzak Gipuzkoako Hitzari. ZAEko gidari izan zen garaian, besteak beste, beteranoen talde bat sortu zuten: "Gehienak inoiz arraun egin gabekoak ginen. Trainerua sortu genuen 2013an, eta hamahiru kide ginen geu ere; Badok 13 izendatu genuen trainerua".  Talde beteranoak apurka-apurka lorpen ugari lortu zituen; egun ZAEtik kanpo dago, eta Orion du egoitza.

Bestalde, Mugertzak beti izan zuen kanturako zaletasuna, eta Montetxio koruko kide izan zen. Era berean, ezaguna zen herrian Chapucetti dendako arduradunetako bat zelako.

Azken agurra Zarautz Memora beilatokian egingo diote bihar arratsaldean, 19:00etan.