Hego Amerikara joandako euskaldunak, Tiktararen disko berriko protagonistak

Juan Luis Romatet 2024ko api. 18a, 12:00
TikTara osatzen duten zazpi kidetatik lau, atzoko aurkezpen ekitaldian.

Ubera izeneko diskoa aurkeztu berri du sustrai latinoak dituen musika sortzen duen Zarauzko taldeak, bere ibilbideko hirugarrena. Hego Amerikako eta Euskal Herriko musika uztartu dituzte abestietan.

Euskal diaspora disko bihurtu du Tiktara taldeak. Ubera izena du taldearen disko berriak, eta bertan Euskal Herritik Hego Amerikara joandako pertsonaien bizitzak jaso dituzte. Disko berriaren inguruan aritu ziren taldekideak atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eskaini zuten prentsaurrekoan. Uberan jasotzen den abestietako bat zuzenean entzuteko parada ere izan zuten bertaratu zirenek.

Zazpi abestiz osatu du Tiktara taldeak hirugarren diskoa, eta Euskal Herritik Hego Amerikara joandako migratzaileak dira laneko protagonistak. "Ikerketa baten bidez aurkitu ditugu pertsonaia horiek, eta beren bizitzak eta historiak abestietako hitzetan jaso ditugu", azaldu zuen taldeko abeslari Harkaitz Bastarrikak. "Oso bizitza eta historia aberasgarriak dituzte pertsona horiek, filmetan kontatzeko modukoak".

Hitzak idazteko orduan Julen Zulaikaren laguntza ezinbestekoa izan dutela gaineratu zuen Ander Zulaika perkusio jotzaileak. "Abesti baten hitzak izan ezik –Harkaitzek idatzi duena–, beste sei kanten hitzak Julenek sortu ditu. Sekulako lana egin du disko honetan". Ikerketaren bidez jasotako informazio hori guztia abesti bihurtzea "erraza ez" dela izan ere onartu zuen Bastarrikak.

Hego Amerikako herrialde desberdinetan aurkitu dituzte migrazioaren ondorioz joandako euskal herritarrak, eta bizitza horietako bakoitza adopzioko herrialdeetako doinuekin kontatu nahi izan dituzte. Hala, Brasilgo, Ekuadorko, Uruguaiko, Kubako, Kolonbiako, Peruko eta Argentinako musikak entzun daitezke diskoan. Estilo horiek euskal musikekin uztartzeko saiakera egin dutela ere azpimarratu zuten musikariek.

Ameriketan barrena egindako bidaia «arrotza ez» zaiela ere azaldu zuten prentsaurrekoan. "Ezohikoak diren erritmoak jotzea normala da guretzako. Hamahiru urte dira taldea sortu genuela, eta orain arte saltsa estiloa jorratu badugu, orain hegoaldera egin dugu", esan zuen Zulaikak. Zuzenekorako musika, antzerkia eta dantza uztartuko dituen ikuskizuna prestatzen ari direla ere gaineratu zuten.

Ubera CD formatuan atera dute printzipioz, eta maiatzaren 17an izango da entzungai plataformetan. Diskoa erosi nahi dutenek tiktara@gmail.com helbidera idatz dezakete, eta posta bidez helaraziko diete lana.