Bukatu da xakeko denboraldia Zarauzko bi taldeentzat

Julene Sorarrain 2024ko api. 22a, 11:15
Gipuzkoa Ligako xake lehiaketa. (Gipuzkoako Liga)

Maila preferenteko taldeak Donostiako Gros taldearen aurka jokatu eta 2-2 emaitzarekin maila mantentzea lortu zuen azken unean.

Aurreko larunbatean jokatu zuten ZKEko xake taldeek, maila preferentekoek zein lehen mailakoek, denboraldiko azken partidak.

Maila preferenteko taldeak Donostiako Gros taldearen aurka jokatu eta 2-2 ko emaitzarekin maila mantentzea lortu zuen. Lehen tableroan Mikel Vicentek pieza zuriekin jokatu zuen Luis Olaizolaren aurka eta partida tablasen amaitu zuten, puntu erdia lortuz zarauztarrentzat.

Bigarren tableroan Jon Lertxundik jokatu zuen pieza beltzekin Kilian Martinezen aurka eta nahiz eta partida osoan zehar abantaila txiki bat eraman zuen, bukaeran izandako hankasartze baten ondorioz galdu egin zuen.

Hirugarren tableroan Andoni Etxabek jokatu zuen pieza txuriekin Alejandro Cantabranaren aurka. Garapenean atzera xamar gelditu ondoren eta partida galduta zuela bazirudien ere, azken orduko iraulketa baten ondorioz partida tablasean amaitzea lortu zuen Etxabek.

Laugarren tableroan Aitor Duok jokatu zuen pieza beltzekin Mikel Zubiaren aurka. Nahiko partidu erosoa burutu zuen eta garaipen haundia lortu zuen taldearentzat.

Lehen mailako taldeak Irungo Bidasoa taldearen aurka jokatu eta 1,5-2,5 emaitzarekin, ez zuen lortu maila mantentzea, beraz bigarren mailara jeitsiko da. Lehen tableroan Iñaki Altzibarrek jokatu zuen pieza txuriekin Eduardo Telechearen aurka. Partidu hasieran abantaila izan arren, aurkaria oldartu egin zitzaion eta partidua galdu zuen.

Bigarren tableroan Iñaki Burunzak jokatu zuen pieza beltzekin Jose Maria Lagunaren aurka eta irekiera fasean pieza bat galdu zuen arren, partidu luze baten ondoren tablasa erdietsi du.

Hirugarren tableroan Jon Altzibarrek jokatu zuen pieza txuriekin Carlos Pascualen aurka. Altzibarrekin ezin izan zuen bere ohiko joko erasokorra erakutsi eta galtzaile suertatu zen.

Laugarren tableroan Iker Jauregik jokatu zuen pieza beltzekin Ricardo Camposen aurka eta garaipen haundia lortu zuen partida borrokatu baten ondoren.