Klima aldaketari buruzko hitzaldia antolatu du Arkamurkak ostegunerako

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 23a, 09:00
Unai Pascual. (BC3)

19:00etan hasita, Unai Pascual zientzialari eta ingurumen ekonomian doktoreak Klima aldaketa, krisi eko-sozialaren ispilu hitzaldia eskainiko du Modelon. 

Orkideen irteeren eta Astronomia Astearen ondoren, Arkamurka Natura Elkarteak beste ekintza bat antolatu du ostegun honetarako. 19:00etan hasita, Unai Pascual zientzialari eta ingurumen ekonomian doktoreak Klima aldaketa, krisi eko-sozialaren ispilu hitzaldia eskainiko du Modelon, euskaraz, eta bertan klima aldaketaren atzean dauden gizarte eta ekonomiaren gako nagusiak landuko ditu Pascualek.

Besteak beste, gaur egungo diagnostikoari eta  etorkizuneko erronkei buruz jardungo du, klima aldaketa krisi sozio-ekologikoaren testuinguruan kokatuta. Gainera, hitzaldia amaitutakoan solasaldia ere izango da bertaratzen direnekin batera.