Eskualdeko euskara elkarteek bat egin dute EHE taldeak antolatutako Harrotze Astearekin

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 23a, 15:00
Eskualdeko euskara elkarte nahiz erakunde publikoetako ordezkariak. (Mireia Galarza Bastida)

Euskara elkarteek eskualdeko herritar guztiei dei egin nahi izan diete "euskararen aldeko lanera batu" eta EHEk antolatu dituen ekintzetan parte hartzera. Horien artean dago ostiral honetan, hilak 26, Donostiako Justizia Epaitegiaren aurrean 18:00etan egingo duten mobilizazioa.

Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE) Euskaldunon Harrotze Astea antolatu du apirilaren 22tik 28ra, eta ekimenari atxikimendua adierazi nahi izan diote Zumaian egindako agerraldian eskualdeko euskara elkarteek: Azkoitiko Maxixatzenek, Azpeitiko Zaparraiek, Zarauzko Zirikak, Zumaiako Larrainak eta Getariako euskaltzaleek.

Ekimenak "Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeaz gain, euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea" du xedetzat, eta helburu horrekin bat egin dute eskualdeko euskara elkarteek. Gainera, elkarteen ustez, Harrotze Astea akuilu izan daiteke, besteak beste, "euskararen aldeko borrokak ikusarazi eta euskararen aldeko lanerako motibazioa eta ilusioa pizteko, euskaldunak ahalduntzeko eta kontzientzia pizteko".

Gehitu dute euskara eta euskaldunen aurkako zapalkuntzaren arduradun eta konplizeei marra gorriak jartzeko ere balioko duela Harrotze Asteak –instituzioak, alderdiak, sindikatuak, enpresak, eragileak…–, eta uste dute ekimena aproposa izan daitekeela beste mugimendu batzuekin batera, hala nola feminismoarekin, langileen borrokarekin edo sexu askapenerako mugimenduarekin ekintza bateratuak praktikan jartzen hasteko.

Horregatik guztiagatik, euskaltzaleek eskualdeko herritar guztiei dei egin nahi izan diete "euskararen aldeko lanera batu" eta EHEk antolatu dituen ekintzetan parte hartzera. Horien artean dago ostiral honetan, hilak 26, Donostiako Justizia Epaitegiaren aurrean 18:00etan egingo duten mobilizazioa. 

Eragin nahi duten esparruak

Harrotze Asteaz gain, agerraldia baliatu dute euskara elkarteek eurek eragin nahi duten esparruei buruz azalpenak emateko. Beraien ustez, hainbat eta hainbat arlotan eragin behar da oraindik euskararen inguruko aferan, eta horietan lanean jarraitzeko prest agertu dira euskara elkarteak.

Esparru horien artean daude kaleko hizkuntza paisaia; herri kontzientzia; udal eta erakunde publikoen erabaki politikoak; hezkuntza arloa; lan mundua; eta euskaldun zein ez-euskaldunen jarrerak, erabakiak eta inplikazioa.