Emakumeen Pala Txapelketa, kanporaketei ekitear

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 25a, 12:00

Multzoen fasea amaituta zehaztu dute zein bikote sailkatu diren zuzenean final laurdenetara, zeintzuk jokatu beharko dituzten final zortzirenak eta zeintzuk izan diren kaleratuak.

Zarautz Kirol Elkarteak antolatuta, Emakumeen Pala Txapelketa jokatzen ari dira bigarren urtez jarraian, Urtetako frontoian, eta atzo amaitu zuten multzoen fasea. Hori horrela, datorren astelehenean final zortzirenetako kanporaketei ekingo diete.

"Pozik" daude antolatzaileak aurtengo edizioan parte hartzen ari den bikote kopuruarekin; izan ere, ia bikoiztu egin dute lehenengo ediziokoa: hamasei bikotek eman dute izena orotara, eta bederatzi izan ziren iaz. Gainera, nabarmendu dute zabala dela pilotarien adin tartea: "Geroz eta emakume gehiago daude prest kirol txapelketetan parte hartzeko; 40 urtetik gorako emakumeak daude, eta 17 urteko gazteak ere bai".

Parte hartzaile kopuruan izandako gorakadak eragin du, halaber, antolatzaileek txapelketaren sistema berritu behar izatea. Hala, lau multzotan banatu dituzte hamasei bikoteak eta multzo bakoitzeko onenak final laurdenetara sailkatu dira zuzenean. Honako hauek izan dira, hain justu ere: A multzotik Jone eta Karmelek ostatutako bikotea, aurreko urteko irabazleak, B multzotik Miren eta Lorea, D multzotik Saioa eta Maialen, eta, E multzotik Jone eta Mireia –Euskaraz C hizkia ez denez existitzen C multzorik ez dute osatu–. Orain arteko jokatutako partida guztiak irabazi dituzte lau bikoteek.

Multzoko bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu direnek, berriz, final zortzirenak jokatuko dituzte, eta, honako hauek izango dira astelehenetik aurrera jokatu beharko dituzten norgehiagokak: Ione eta Lide Ainara eta Oihanaren aurka, Yone eta Vero Maddi eta Maialenen aurka,  June eta Nora Eider eta Maitaneren aurka, eta, Mailen eta Leire Irantzu eta Naiaren aurka.

Laugarren postuan geratu diren bikoteek, azkenik, ez dute txapelketan aurrera jarraitzeko aukerarik izango; izan ere, kaleratu egin dituztelako zuzenean.

"Giro polita"

Antolatzaileek zehaztu dutenez, iaztik hona txapelketa moldatu duten arren, joan den urteko tanteo sistemari eutsi diote. Hala, hamar tantoko bi setetara jokatu dituzte partidak eta berdinketarik izan bada, bost tantoko hirugarrena jokatu dute. Horren arrazoia ere zaldu dute: "Bikote batek lehenengo jokoa alde handiagatik galtzen badu ere, hurrengoa hutsetik hasiko. Hala, motibazio handiarekin ekingo dio; izan ere, partida irabazteko aukerak izango ditu oraindik".

Lehiaz harago, Urtetako frontoian sortutako giroarekin ere "oso gustura" agertu dira antolatzaileak "polita" ari delako izaten: "Jende ugari joaten da partidak ikustera, batzuk beraien seme-alabekin, beste batzuk gurasoekin, amonarekin edo lagunekin... Kontuan hartu behar da astelehenetan eta asteazkenetan izaten direla, 18:00etan hasita".