Azken astea da VI. Herri Lasterketan izena emateko

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 5a, 12:00

Bi korrikalari Musika Plazako helmugara iristen iazko Zarauzko Herri Lasterketan. (Onintza Lete Arrieta)

Maiatzaren 12an, datorren igandean, jokatuko dute ZKE eta A 3 el Km! elkarteek antolatutako proba eta bezperan itxiko dituzte online inskripzioak. Nolanahi ere, egunean bertan ere izango da egiteko aukera.

Gaur zortzi jokatuko dute Zarauzko Herri Lasterketa, aurten ere A 3 el Km! taldeak eta Zarautz Kirol Elkarteak elkarlanean antolatuta. 11:00etan hasiko da proba, eta, astebete falta den honetan, gogoratu dute parte arte nahi duten korrikalariek badutela aukera izena emateko oraindik egin ez badute. 10 euro balio ditu Internet bidezko inskripzioak eta lotura honetan egin daiteke. Larunbatean itxiko dituzte online inskripzioak 12:00etan, baina lasterketa egunean bertan ere izango da izen emateko aukera, baldin eta plazak bete ez badira.

Seigarren edizioa izango da aurtengoa eta 2019ko ibilbidera itzuliko direla jakinarazi dute antolatzaileek; izan ere, iaz laburtu egin behar izan zuten herrian egiten ari ziren lanak tarteko. Hori horrela, herri osoari buelta emango dion 8 kilometroko ibilbidea zirkularra osatuko dute korrikalariek eta Lege Zaharren Enparantzan izango dute irteera nahiz helmuga.

VI. Zarauzko Herri Lasterketako ibilbidea. (A 3 el Km!)