Erromeriak eta Alprojaren antzerkia dira Euskal Jaietako ekintza gustukoenak

Aritz Mutiozabal 2024ko mai. 6a, 15:30

Euskal Jai giroa (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Udalak jaien mendeurrenaren harira galdetegi bat eduki du martxan hilabetez. Jasotako datuen arabera, herritarrek karrozetan eta haurrentzako nahiz nahiz gazteentzako ekintzetan indartzea eskatzen dute aurtengorako  eta etorkizunerako. Baina euskal ezaugarriak indartzea ere.

Euskal Jai Egunaren mendeurrena ospatze aldera, Zarauzko Udala egitarau berezia ari da prestatzen hainbat eragilerekin elkarlanean. Antolaketa prozesuaren barruan, mendeurrenera begirako logo lehiaketa jarri dute martxan, eta baita aurtengo festen inguruko galdetegia ere; martxoan abiatu zuten eta zarauztarrek hilabeteko epea izan dute haien ekarpenak egiteko.

Udalak honako hiru galdera ireki egin ditu: Zein da zure ekitaldi gustukoena gaur egungo Euskal Asteko egitarauan?, Zarauzko Euskal Jaiaren 100. urteurrena ospatzeko proposamen berezirik baduzu? eta Etorkizunerako proposamenik baduzu? Era berea, proposamenak Turismo Bulegoan egiteko aukera izan dute herritarrek.

Erantzunak jaso eta aztertu ondoren, galdetegitik ateratako datu esanguratsuenen artean, besteak beste, erromeriak, Alproja taldearen antzerkia eta Munoa plazako kontzertuak dira Euskal Asteko egitarauko ekitaldirik gustukoenak. Mendeurrena ospatzeko herritarrek egindako proposamen berezien artean karrozak, haurrentzat eta gazteentzat ekintza nahiz jolasak daude. Ildo beretik, etorkizunerako euskal ezaugarriak indartzea –bereziki janzkera– proposatu dute, baita karrozak eta haur-gazteentzat ekintzak ere, eta ganadu feria egitea eta.

Egitaraua atontzen

Udalak hilabeteak daramatza aurtengo Euskal Jaietako egitaraua osatzeko lanean; eta jasotako ekarpenak oso kontuan izango ditu. Ekimen asko ditu mahai gainean, baina, momentuz, bost dira aipagarrienak eta martxan daudenak: argazki erakusketa, Zuazobideren karrozen maketa erakusketa, karroza lehiaketa, euskal jantziei buruzko erakusketa herriko erakusleihoetan eta dokumental berezia mendeurrena ospatzeko.

100 urteko atzera begirako egin eta bizitako esperientziak zein ekitaldiak gogora ekartzeko, erakusketa berezia antolatuko du udalak abuztua eta iraila artean, Merkatu Plazako lehen solairuan. Photomuseumi eskatu diote dokumentazioa biltzeko enkargua, izan ere, Foto Garren funtsaren inbentarioa eta digitalizazioa ari dira burutzen gaur egun eta Euskal Jaiaren gaiak presentzia nabarmena du artxibo horrek. Lan horretaz baliatuko dira erakusketa osatzeko, baita Euskal Jaien hasiera ofizialaren aurretik egiten ziren jaien inguruko dokumentazioaz ere: esku-programak, prentsan azaldutako informazioa, kartelak eta abar.

Euskal Jai Egunean hain adierazgarriak diren karrozei azpimarra berezia egin nahi diete, eta horretarako erakusketa bat antolatuko dute. Horretarako, Joxe Mari Zuazobidek urteetan zehar egindako 30 karroza ingururen maketak eta argazkiak ikusgai izango dira, argazki erakusketarekin batera. Karrozekin jarraituz, udalak lehiaketa berreskuratu nahi du. Euskal Jai Egunaren 75. urteurrenean antolatu zen azken aldiz karroza lehiaketa. Usadioak mendeurrenean ere presentzia izan behar duela iritzita, karroza lehiaketa jarriko du aurten berriro martxan. Oinarriak datozen asteetan argitaratuko dituzte.

Usadioarekin jarraituz, euskal jantziek garrantzia eta protagonismo handia dute Euskal Jai Egunean. Herrian badira hainbat eragile eta pertsona urteetan zehar jantziak gorde izan dituztenak, eta haien laguntzari eta Murkil elkarteari esker, herriko hainbat erakusleihoetan erakusgai jarriko dituzte  garaiko eta egungo jantziak Euskal Astean. Aldi berean, 75. urteurrenean kaleratu zen jantziei buruzko liburuxka berriz argitaratuko du udalak.

Bestalde, dokumental berezi bat lantzeko asmoa dute mendeurrena ospatzeko. Aipatutako ekimenez gain, beste batzuekin ere lanean ari da udala: Iturengo ttuntturroekin elkarlanean ekimen berezi baterako; haurrentzat eta gazteentzat ekimen gehiago jartzea Euskal Astean eta Euskal Jai Egunean; emanaldi berezi bat Ondartza taldearen eskutik, euskal dantza errepaso irekiak; eta abar. Egitarauaren lanketak aurrera egin ahala, informazioa zabalduko dutela jakinarazi dute.