Emaitza bikainak lortu dituzte ZKEko altxatzaileek Euskadiko Halterofilia Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 6a, 12:45

Zarauzko taldeko zazpi kirolarik parte hartu dute Gipuzkoako selekzioarekin eta lauk Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortu dute. Helena Abendaño, gainera, onena izan da emakume guztien sailkapen orokorrean.

Zarautz Kirol Elkartearen Halterofilia ataleko bost emakume altxatzailek eta bi gizonezkok emaitza apartak lortu dituzte Barakaldon (Bizkaia) jokatutako Euskadiko Txapelketa nagusian. Gipuzkoako selekzioak deituta parte hartu dute denek, eta, onen artean sailkatu dira norbere kategorian. Hala, lau urrezko domina, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat lortu dituzte. Horrez gain, Helena Avendaño lehenengo postuan sailkatu da emakumezko guztien lana aintzat hartzen zuen sailkapen orokorrean.

ZKEko altxatzaileek lortutako emaitzei xeheago azalduta, emakumeen 64 kilo azpiko kategorian lortu du urrea Avendañok, eta, horri esker, ekainaren 8 eta 9ko asteburuan Ourensen (Galizia) jokatuko duten Espainiako Txapelketa nagusia jokatzeko txartela lortu du, aldi berean. Beste hiru urrezko dominak lortu dituzten Malen Monasteriok (emakumeen 55 kilo azpiko kategorian), Imanol Citoresek (gizonen 81 kilo azpiko kategorian) eta Stepan Tsirkinek (gizonen 109 kilo azpiko kategorian) ere parte hartuko dute Espainiako Txapelketan.

Ainitze Zumetak eta Miren Galarragak ere emaitza onak lortu dituzte emakumeen 76 kilo azpiko kategorian; bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren, baina hori ez da aski izan Ourenseko hitzordurako txartela lortzeko. Erika Sanchezek ere parte hartu du Euskadiko Txapelketan, aipaturiko ZKEko altxatzaileekin, eta hark ere ezin izango du Espainiakoa lehiatu, seigarren postua lortu baitu emakumeen 64 kilo azpiko kategorian.

Taldekako sailkapenean, bestalde, Gipuzkoako selekzioa gailendu zen; izan ere, emakumeetan zein gizonetan lortu zituen oso emaitza onak.

Junior mailakoak hurrengoak

ZKE Halterofiliak, jakinarazi duenez, gazteak izango dira lehiatzen hurrengoak. Villabonan (Gipuzkoa) arituko dira maiatzaren 25ean, larunbata, junior mailako Gipuzkoako Txapelketan. Halaber, Unibertsitate arteko Txapelketa eta Teknika Topaketa ere egingo dituzte.

Zarauzko taldeak azaldu du, halaber, ezinbestekoa izango dela Villabonako txapelketan emaitza onak eskuratzea, bertan banatuko dituztelako plazak junior mailako Euskadiko Txapelketarako. Zarautzen jokatuko dute azken hori ekainaren 15ean, larunbata, era berean.