Mobilizazioak deitu dituzte Donibane Lohizuneko feminizidioa gaitzesteko

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 6a, 16:30

Indarkeria matxista gaitzesteko Lege Zaharren Enparantzan iaz egindako protesta bat. (Zarauzko Hitza)

Urola Kostako Itaiak bihar 18:30ean egingo du Lege Zaharren enparantzan eta ostiralean Zarauzko Bilgune Feministak, Morroxkak taldeak eta Emakumeen Mundu Martxak.

Joan den ostiralean Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean hilda aurkitu zuten 33 urteko emakumearen hilketa gaitzetsiko dute Urola Kostako Itaiak eta Zarauzko Koodrinadora Feministak aste honetan egingo dituzten mobilizazio banatan. Baionako prokuradorearen hitzetan, "krimen bortitza" izan da eta hipotesia da nagusia da bikotekidea dela hiltzailea. Horregatik, gorpua aurkitu bezain pronto atxilotu zuten, eta hala izango dute epaiketara bitarte. Apirilaren erdialdean ere atxilotu zuten gizon bera hildako emakumea Ziburun (Lapurdi) eraikin batetik jausi eta larri zauritu ondoren.

Gertakari horiek salatzeko protestak deitu dituzte, esan bezala: Itaiak bihar 18:30ean egingo du Lege Zaharren Enparantzan eta Zarauzko Bilgune Feministak, Morroxkak Taldeak eta Emakumeen Mundu Martxak ostiralean, 19:00etan, leku berean. Itaiak bere deialdian dioenez, Lapurdin gertatutakoa "ez da gertakari isolatua, emakumeok zapalduta mantentzen gaituen gizarte baten adierazpen muturrenekoa baizik". Ondorioz, horri aurre egiteko, beharrezkoa jo dute "antolakuntza politiko independentea indartzea eta norma kultural matxista borrokatzea".

Koordinadora feminista osatzen duten hiru taldeek, beren aldetik, adierazi dute "agi geratu" dela egungo justizia eredua ez dela eraginkorra, nahiz eta behin eta berriro exijitu duten "indarkeria matxista kasuen aurrean epaileek iragazki bereziki zehatzea izatea". Halaber, indarkeria matxista "lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadila" eskatu dute eta "autodefentsa feministarako deia" egin dute.