MISEVI erakundearen bisita jaso du Zarauzko Udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko mai. 7a, 11:00

Jesus Arana, German Sanchez eta Julen Aranguren. (Zarauzko Udala)

Bolivian genero indarkeria jasan duten emakumeak laguntzeko proiektuak gidatzen ditu MISEVIk, eta erakunde hori diruz laguntzen du udalak. Joan den asteko bisitan, udaleko ordezkariek proiektu horien berri izan zuten. 

Zarauzko Udalak urtero atzerriko herrialdetan proiektuak babesteko aurrekontuaren zati bat erabiltzen du, aurten %0,7a izan dena, 272.330 euro, zehazki. Laguntza horiek Zarauzko GKEei ematen dizkiete, eta horiek hegoaldeko herrialde txiroetan proiektuak bultzatzeko erabiltzen dituzte ondoren.

Testuinguru horretan, Gobernuz Kanpoko Erakunde horietako baten bisita jaso zuen udalak joan den astean, MISEVI erakundearena, hain zuzen ere. German Sanchez taldeko ordezkaria izan zen herrian joan den ostiralean, eta berarekin izan ziren udaleko hainbat ordezkari politiko nahiz teknikariak. MISEVI taldeak Bolivian genero indarkeria jasan duten emakumeak laguntzea du helburu, eta taldeak garatzen dituen proiektuetan laguntzen du udalak.

Joan den asteko bisitan, Jesus Arana Kooperazioko zinegotziarekin proiektuen jarraipena egiteko bilera egin zuten eta, ondoren, Emakumeen Etxea ezagutu zuten, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren eskutik, bertan egiten dituzten ekimen eta zerbitzuak ezagutzeko.