Estatu kolpeari herri erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia SORTU ZARAUTZ 2017ko ira. 20a, 19:37
Gaur Guardia Zibilak Generalitateko hamalau kide atxilotu eta bulegoak miatu ditu. Gaurko operazio honekin Espainiako Erresumak bere kirats autoritario eta antidemokratikoa azaldu du egiten dakien modu bakarrean: Guardia Zibila herri borondatearen aurka bidaliz. Hori dela eta, SORTUk honakoa dio: Kataluniako herriari gure babes eta elkartasun osoa adierazten diogu. Euskal Herrian ere zoritxarrez badakigu zer diren halako salbuespen egoerak. Goizean esnatu eta Guardia Zibilak ostikoz ateak bota dituela jakitea. Kataluniako herriak egoera latz horietan elkartasun beroa adierazi izan digu beti eta orain gu ondoan izango gaituzte. Disimulurik gabeko Estatu Kolpea da hau. Operazio honekin Espainiako Erresumak, de facto, 155. artikulu famatua aplikatu du praktikan modu koldarrean. Zergatik ez da ausartzen Rajoy garbi esatera Kataluniako autonomia suspenditu duela? Eta egoera honetan Urkulluren EAJk lankidetzarako eskua luzatzen jarraitzen du. Honakoa da Espainiako Gobernuak sustengu horrekin egiten duena: atxiloketak, miaketak, konfiskazioak, oinarrizko eskubide zibilak zapaldu eta herri borondatea zapaldu. Autodeterminazioa eta burujabetza herrien eskubide ukaezinak dira. Kataluaniko prozesua eta urriaren 1eko erreferenduma 78ko Erregimena kolokan jarri duen torpedoa dira. Autonomien Estatua hil da. Estatuak berak hil du bere izaera zurrun, autoritario eta antidemokratikoaren bidez. Gure herriak, kataluniak bezalaxe, burujabetza osoa behar du. Gure herriak, kataluniak bezalaxe, estatu propio bat behar du. Urriaren 1eko erreferendumaren alde gaude eta independentziaren alde gaude. Gero eta argiago ikusten da independentzia dela marko demokratiko bat eskuratzeko modu bakarra. Euskal herritarrei kalera ateratzeko deia egiten diegu, Kataluniako herriaren jarrera eredu hartuta. Kataluniako joko zelaian Euskal Herriaren etorkizuna ere jokoan dago, 78ko Erregimena balantzaka baitago. Aurreko larunbateko bideari jarraituz, ikusle gradetatik jaitsi eta gutako bakoitza jokoan sartzeko garaia da.