Alproja aurrez aurreko emanaldira itzuliko da 2021ean

Erabiltzailearen aurpegia Alproja antzerki taldea 2021ko abu. 19a, 10:30

2020an aurrez aurreko emanaldiaren ordez pelikula burutu ostean, Alproja taldeak aurten ere aurrez aurreko antzerkia prestatu du Euskal Jai egunerako: ETXEGABETUAK.

Tamalez, osasun egoerak kezkatuta, Zarauzko Udalak irailaren 9an ekitaldirik ez antolatzea erabaki du, eta hori dela eta aurtengo emanaldia irailaren 11n izango da, larunbatez. Segurtasuna bermatzearren, eremu itxian burutuko da emanaldia, Lizardi Kultur Aretoan. Aforo mugatua dela eta, ordea, lehenengo aldiz bi emanaldi burutuko ditu Alprojak egun berean. Lehena 10:30etan eta bigarrena 12:15etan, bakoitza 300 ikuslerentzat. Sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira, irailaren 4an 19:00etan Musika plazan (2 sarrera pertsonako).

Galtzagorriek urtean zehar bizitako gertakariak sartu dituzte lapikora eta ohiko umore eta kritikaren bidez, aktualitateko gai bat hartuko dute ardatz aurtengo kontakizunean: etxebizitzaren egoera Zarautzen. Ikus-entzuleek irri egiteaz gain behin baina gehiagotan sentitu ahal izango dute identifikatuta euren burua. Ea denontzat soluzioren bat topatzeko gai diren!

2021eko emanaldian egoerak behartutako segurtasun neurriekin aritu dira entseguetan taularatuko diren 32 aktoreak, ohi bezala adin guztietakoak, aurten gaztetxoenen presentziarik izango ez bada ere. Herritarrei eskatzen diete euren emanaldian zehar eta ondoren arduraz joka dezatela. Ikus-entzuleek musukoarekin egon beharko dute uneoro, segurtasun distantziak errespetatu eta sarrera-irteerak kontrolatzen egongo diren teknikariei kasu egin.