Zarauzko Eusko Alkartasuna egongo da Terrorismoaren Biktimen inguruko ekitaldian

Erabiltzailearen aurpegia EA Zarautz 2018ko mar. 9a, 22:26

Alderdia ez dago ados Udaleko Gobernu Taldeak elkarbizitza arloan duen planteamenduarekin baina ekitaldian parte hartuko du biktimei babesa agertzea ezadostasun politikoaren gainetik lehenetsiz

Udalak martxoaren 11n Terrorismoaren Biktimen Europar Egunaren harira antolatutako ekitaldiarekin bat egingo du Zarauzko Eusko Alkartasunak. Alderdiak argi utzi du ez dagoela ados orain artean Udal Gobernu Taldeak elkarbizitza arloan mantendu duen planteamenduarekin, baina ekitaldian parte hartuko du biktimei babesa agertzea ezadostasun politikoaren gainetik lehenetsiz. 
 
Zarauzko Eusko Alkartasunak berretsi egin du "eskubide guztiak pertsona guztientzat, bizitzarako eskubidetik hasita” printzipioa. Horregatik, eta 32 urteko ibilbidearekin koherente izanda, arrazoi politikoengatik Euskal Herrian azken hamarkadetan egiten ari den bortxa guztia erabat arbuiatu du berriro ere, eta ez dagoela biolentzia justifikatzen duen inolako ideologia, ideia edo proiektu politikorik azpimarratu. “Biktima guztiek duten justizia, egia eta erreparazio eskubidea” exijitzen jarraitu behar da, “eta, era berean, batzuetan izan ez duten babes soziala agertu behar zaie”. 
 

Desadostasun politikoa

Zarauzko Udaleko Giza Eskubide eta Elkarbizitza Batzordean Gobernu Taldeak duen planteamendua salatu du alderdi abertzaleak: “Horren gai garrantzitsuak kudeatzeko modua ez dugu ondo ikusten”. Zentzu horretan, “bat-batekotasunetik eta inprobisazio falta handiarekin lan” egiten dela salatu du Eusko Alkartasunak, “eta larriagoa dena: adostasun faltarekin, argi dagoenean bakea indartuko duen elkarbizitza sentsibilitate guztien artean baino ezin dela eraiki, inolako alderdirik atzean utzi gabe”. Eusko Alkartasunako tokiko Batzorde Eragileak kritikatu duenez, “gure inguruko beste udalerrietan posible den adostasuna, Gobernua eta oposizioko bi alderdien arteko adostasun eza bihurtzen da Zarautzen”, eta horren arrazoia borondate politiko falta dela adierazi du. 
 
“Alderdi guztiek helburu politikoa duen bortizkeriaren kontrako jarrera izan dezaten lortzeko bidea zaila” izan dela gogoratu du Zarauzko Eusko Alkartasunak, eta horregatik “ezin dugu ahaztu helburua, hain justu, biktima guztien aitortzarako eta babeserako gune komuna lortzea dela”.
 
Biktimen aitortzarako beharrak bultzatuta, desadostasun politikoa bigarren arlo batean utzi du Zarauzko Batzorde Eragileak, “Eusko Alkartasunak nazio mailan egiten duen bezala, larunbatean Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian parte hartuko baitu planteamenduari egin ahal zaizkion kritiken gainean pasatuta, Zarautzen ere biktimei aitortza egiteko ekitaldian parte hartuko dugu, beti ere argi utzita hurrengo egunean elkarbizitza arloan beste era batera lan egin behar dela aldarrikatzen jarraituko dugula Udal Gobernuaren aurrean”.