Zarautz soilik zerbitzuetara bideratutako herri bihurtzen ari direla salatu du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2023ko urr. 8a, 10:00
Abendaño industriagunea. (Zarauzko Udala)

Abendaño eta Errotaberriko industriagune osoan ostalaritzako zerbitzuei atea irekitzeari arrisku handiak ikusten dizkio oposizioko taldeak.

Zarauzko EH Bilduk kezka agertu du Errotaberri eta Abendañoko industriagunean taberna, jatetxe, kafetegi, janari lasterreko kateak, sagardotegi eta antzerako zerbitzuak edonon jarri ahal izango direlako hemendik aurrera, joan den asteko plenoan Udal Gobernuaren ekimenez hartutako erabakiaren ondorioz. 2022an hainbat partzeletan merkataritza guneei ateak irekitzeko erabakiari jarraituz, beste pauso bat eman du EAJren eta PSEren Gobernuak: ostalaritza zerbitzuak, orain arteko bost partzeletan ez ezik, industriagune osoan ere ireki ahal izango dira. EH Bilduko zinegotziek erabakiaren kontrako botoa ematen zuten.

Itziar Murua EH Bilduko bozeramaileak udalbatzan salatu zuen Udal Gobernua, halako erabakiekin, industriagune osoa zerbitzuetara bideratzen ari dela. Oposizioko bozeramaileak gogorarazi zuen industriagune hauetako bost partzeletan lehendik ere bazegoela ostalaritza zerbitzuak eskaintzeko aukera eta, beraz, ez zegoela baimenak industriagune osora ireki beharrik.

EH Bilduren ustez arriskutsua da baimen horiek industriagune osora irekitzea. Zarautzen jarduera sektoreak izaten ari diren bilakaerari buruzko kezka azaldu zuen Muruak. Gogorarazi zuen Eustat-en datuen arabera industriaren joerak nabarmen beherantz jarraitzen duela eta argudiatu zuen erabaki honek ez diola gorantz joaten lagunduko: "Kontuan hartu behar dugu industriak Zarauzko jardueraren %21,9 suposatzen zuela 1996an eta, 2020ean, %12,7ra jaitsita zegoela".

Beste arrisku batzuk ere ikusten dizkio EH Bilduk erabaki honi: herriko ostalaritzari eta, zeharka, merkataritzari ere eragingo diela uste du; herriko bizitza eta herri eredua aldatuko duela; eta inguru horretako trafikoa ere handituko duela.

EH Bilduren iritziz, udal talde guztien aldeko bozekin adostutako 2030 plan estrategikoan esaten denaren kontrako erabakia da hau. Bertan "industria erakartzeko eta garatzeko baliabideak jartzea", "herri identitatea mantentzea", "herria bizirik mantentzeko laguntza ematea", "garraio ez motorizatua lehenesten duen herria izatea" eta antzerako helburu asko agertzen dira, eta industriagune osoari ostalaritzako aukerak irekitzea denon artean onartutako planaren espirituaren kontra doa, EH Bilduren ustez. Muruaren hitzetan, "alferrik da plan ederrak onartzea beste norabide batean doazen erabakiak hartzen jarraitzen bada".