Eskola kirolaren aldeko jaialdiaren ostean

Gipuzkoako eskola kirolaren 25. urteurrenaren aitzakia baliatuta, eskola kirolaren aldeko jaialdia ospatu zen aurreko larunbatean Zarautzen. 25 urtez, gogotsu aritu diren koordinatzaile, entrenatzaile, epaile, ordezkari, bolondres eta eskola kirolaren protagonista diren haur eta gaztetxoen lana goraipatzeaz gain, eskola kirola beraren balioa mahai gainean jarri asmoz.

Izan ere, 25 urteetan zehar, eskola kirola haurren garapen prozesua hauspotzen saiatu da. Talde lana, konpromezua, errespetua, adiskidetasuna, parte hartzea eta euskara bezalako balioak sustatzeaz gain, ohitura osasuntsu eta bizi estilo aktiboa bultzatuz. Eskola kirola berez ona eta osasuntsua denaren uste orokortu honetan, ordea, egungo eskola kirol eredua auzitan ipini beharra dugula uste dugu EKAP kideok.

Herrira etorriaz, badugu jo-puntu bikaina eskola kirol ereduan hausnartzen hasteko: Multikirol ligaxka.

Ligaxka horrek, haurrari hainbat larunbatetan hain ohiko ez diren kirol-jarduera ezberdinak probatzeko aukera eskaintzen dio. Saio hauetan, alde batetik, gaztetxoaren garapen motorra aberasten da jarduera bakoitzak eskatzen dituen abilezia eta trebetasun anitzak lantzen dituelako. Bestetik, bere gelakideekin, neska-mutil zein aniztasun funtzionala duten haur guztiak batera nahastuta aritzen dira. Eta azkenik, badakizue zer? Ligaxkan ez du inork galtzen, ez dago markagailurik, ezta sailkapenik ere. Guztiek irabazten dute, irribarreak nagusitzen dira. Ez dakigu horregatik den edo ez, baina tarte honetan ere, ez dira liskarrik sortzen eskola ezberdinen artean... Interesgarria, ezta?

Multikirol ligaxka, aldiz, denbora mugatu batean ematen da soilik, “benetako” edo “serioagoa” den eskola kirola eskatzen dutenen gosea dela medio. Horren harira, EKAPetik galdera bat jaurti nahi dugu: Haurraren garapenerako benetan onuragarriak diren jarduerak antolatzen al dira? Edo beste batzuen interes eta beharrei erantzuten die? Goi mailako hainbat kirolariek erakutsi digute haur eta gaztetan kirol aniztasunean murgilduta ibili zirela. Hortaz, beharrezkoa al da 8-9 urterekin kirol modalitate zehatz batzuetara soilik mugatzea haurraren jarduna? Hau al da betikotu nahi dugun eskola kirol eredua?

Idatzi honen bitartez, beste behin ere, udalari kirol-mahai baten beharra adierazi nahi diogu, gure herriko eskola kirolaz arituko litzatekeen mahai bat, besteak beste. Hausnartu eta eztabaidatzeko gonbita egin nahi diegu, haur, gazte, entrenatzaile, epaile, guraso zein kordinatzaileei, guztiek baitute zer esana eta guztion artean arraun eginez soilik lor ditzakegulako erroko aldaketak. Hasi gara, multikirol ligaxka urrats garrantzitsu bat da gure ustez, eta urratsez urrats, guztiontzako eta era berean osasuntsu eta dibertigarria izango den eskola kirol ereduarekin asmatu dezakegula sinesten dugu. Ibiliaz iristen omen da utopiara... Ekingo al diogu bideari?

Guztion ardura delako, zaindu, babestu eta maita dezagun eskola kirola!

EKAP

Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma

Erlazionatuak

Eskola Kirola herriari erakutsiz

Zarauzko Hitza 2017 ira 23 Zarautz

Bideoa: Eskola Kirolaren Festa

Zarauzko Hitza 2017 ira 24 Zarautz