EAJk lortu du gehiengoa Zarautzen, 32 urte eta gero

Zarauzko EAJ garaipena ospatzen batzokian. Aritz Mutiozabal

Bederatzi eta erdietarako egin dute kontaketa ofiziala, baina lehenago hasi da itxura hartzen bozketa. Bederatziak aurretik EAJ nagusitu da nabarmen Zarautzen. «Oso gustura» agertu da emaitzarekin Xabier Txurruka alkategaia. Lorpen historikoa izan da EAJrena; izan ere, duela 32 urte irabazi zituen azkenengoz alderdi horrek udal hauteskundeak, Imanol Murua buru zuela.

Aurreko astetan aurreratu EAJk moduan, «aldaketa garaia» heldu da Zarautzera: «Azken hilabetetan jende askok esan digu aldaketa nahi zuela gobernatzeko moduei zein edukiei dagokionez. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet EAJri babesa eman diotenei», adierazi dio UROLA KOSTAKO HITZAri telefonoz, batzokitik.  Kontaketa ofizialaren arabera,  4.813 boto lortu ditu EAJk, botoen %41,84 hain zuzen. Aurreko udal hauteskundeetan baino ia 2.000 boto gehiago jaso ditu, beraz. Hori alderdiak urteetan zehar «herriaren alde egindako lanagatik» dela nabarmendu du Txurrukak.

Hori dela eta, hamar hautetsi izango ditu, 2011ean baino lau gehiago. Txurrukaz gain, Maite Garrastazu, Jesus Arana, Nekane Iribar, Ixidor Larrañaga, Imanol Lasa, Iban San Martin, Miren Letamendiak, Jonan Urdangarin eta Iratxe Zorrozua osatuko dute EAJren taldea udalean.

Udal Gobernuaren inguruan galdetzerakoan esan du  gaurtik aurrera hasiko dela horretan pentsatzen. «Alderdi guztiekin hitz egingo dugu eta agian hel gaitezke akordio zehatzetara. Dakidan gauza bakarra da hurrengo alkatea EAJkoa izango dela».

EH Bilduk jarraitu dio atzetik EAJri, 1.182 botoren aldearekin. Iazko lorpenaren aldean, aurten apaldu egin da haren aldeko boto kopurua. 3.631 herritarrek bozkatu dute koalizioa, hautesle erroldaren %31,56ak. Hala, zazpi hautetsi lortu ditu: Mikel Goenaga, Naiara Carvajal, Iñaki Eizagirre, Karmele Alberdi, Aitor Korta, Xabier Vazquez eta Ane Arrutik. Goenagak aitortu du «ondo ez» dagoela baina «zarauztarrek erabakitakoa errespetatu» behar dela. «Guk orain dela lau urte lortu genuenaren buelta gertatu da eta EAJ zoriondu egin behar dugu horregatik». Oposizioan lanean jarraituko dutela aurreratu du, «duela lau urte martxan jarritako proiektuari jarraipena emateko».

PSE-EEk ere jaitsi egin du boto kopurua: 1.226 boto eskuratu ditu, duela lau urte baino 255 gutxiago. Hala, bi zinegotzi izango ditu 2015-2019 agintaldian: Gloria Vazquez eta Pablo Garcia.

Irabazi Zarautzek PSE-EEren hautetsi kopuru bera eskuratu du.Bozkatzeko aukera zuten herritarren %9,87k babestu dute alderdia bere lehenbiziko hautagaitzan eta ondorioz bi zinegotzi izango ditu 2015-2019 agintaldian: Ana de Benito eta  Oihane Delgado.

PPk ere izan du aldaketa. 378 boto lortu ditu eta ez du izango ordezkaririk agintaldi berrian.