Irabazi Zarautzek eta animalien babeserako taldeek animalienganako ustezko indarkeria kasua azter dezan eskatu diote Zarauzko Udalari

Irabazi Zarautzek eta animalien babeserako lan egiten duten taldeek jakinarazi dute animalienganako ustezko indarkeria kasu bat ari direla aztertzen.  "Gure programan jaso dugun bezala, gure lehentasuneatariko bat animaliak babestea da. Zarautzen pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza bultzatu nahi dugu. Horregatik heldu diogu kasu honi", adierazi du Oihane Delgado Irabazi Zarautzeko kideak.

Ana Masoliver Ez dezazula normaltzat jo kanpainako ordezkariak  eman ditu auziaren inguruko zehaztapenak. Uztailaren 25ean jakinarazi zieten Astiko gune itxi batean lau txakur ziztuztela lotuta, ur garbirik eta janaririk gabe. Horrez gain, txabola baten barruan beste bi entzun zitezkeela gaineratu du. Hurrengo egunean Udaltzaingoan eman zuten horren berri eta lau salaketa jarri zituzten udalean, hainbat argazkirekin batera.

Hilaren 28an txakurrak desagertu egin zirela jakin zuten, eta gunea garbitu zutela. Orduan ere salaketa jarri zuten. "Ez dakigu non dauden txakur horiek".

Gogoratu dute Animalien Babeserako Euskal Herriko Araudiaren barruan jasota dagoela  jabeek animaliak egoera onean eduki behar dituztela, azpiegitura egokiak; jatekoa eta edakoa eta ariketa fisikoa egiteko aukera eskainiz, besteak beste. Horrekin batera, animalia horiek udalean erroldatu egin behar direla, hori jaio edo erosi denetik hilabeteko epean.

Zarautzek ere horren inguruko ordenantza bat du indarrean. Horren arabera, gutxienez, ura eta jatekoa eskaini behar zaizkie animaliei eta desinfektatutako eta intsekturik gabeko leku garbi  batean eduki behar dira. Era berean, jabeek animaliak identifikatu eta erroldatu behar dituzte. "Ez dugu txakur horien inguruko berririk", dio Masoliverrek. "Ez dakigu non dauden ezta identifikatuta dauden ere. Hori derrigorrezkoa da Euskal Autonomi Erkidegoan".

Hori guztia kontuan izanda, Irabazi Zarautzek eta animalien babeserako taldeek hainbat eskaera egin diote Zarauzko Udalari. Batetik, eskatu diote, legeak jasotzen duen moduan, azter dezan "ahalik eta azkarren" non dauden txakur horiek eta baita ustezko indarkeria hori jarraitua den ala ez. Bestetik, galdegin dute neurriak har daitezen halako gertaerarik jazo ez dadin. Azkenik, gogoratu dute legeak eta herriko ordenantzak bete egin behar direla, eta alderdiak zein Gipuzkoako talde ezberdinek "azkeneraino" lan egingo dutela animalien eskubideak errespetatu arte.