Aurten santaklaretako txosnagunea Arrona Zaharrean egongo da

(Argazkia: Abar Aranburu)

Aldaketaren urtea izango da aurtengoa Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaientzat. Hala iragarri du jai batzordeak egitarauan bertan ere. Izan ere, orain arte festaren erdigunea izan denari, Astazubi plazari, gutxienez «gero arte» esateko ordua heldu da. Aurtengo txosnagunea Arrano Zaharrean jarriko baitute.

Ikusi Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaietako EGITARAUA

SKAPA festa batzordeko kideek adierazi dutenez, orain arte txosnagunea jartzen zuten plaza inguruko etxeetatik «oso gertu» dago, eta musikaren bolumenagatik hainbat bizilagun kexatu izan dira urteetan zehar. «Iaz ekimenak gogortu zituzten eta aurtengorako festak berraztertzeko eskaera berezia egin dute». Hala, azterketa ofiziala egin da, eta ondorioztatu da baldintza horiek ez direla «legezkoak».

Ondorioz, Zarauzko Udalak eskatuta, plazaz aldatu behar izan dute: Arrona Zaharreko zabalgunera. «Ahalik eta leku egokiena proposatzen saiatu gara, eta jai batzordeari erraztasunak ematen», adierazi du Jesus Arana alkateordeak. Nabarmendu du «festa garrantzitsuak» bilakatu direla aurrekontu aldetik, egun kopuruagatik eta antolatzen diren ekintzengatik; garapen bat izan dutela. Eta beraz, kokapen aldetik ere garapen bat eskatzen zuela.

«Protestan hastea ez da gure estiloa. Guk festak antolatzen ditugu gozatzeko, ahalik eta jende gehienak goza dezan, ez jendea izorratzeko», adierazi dute SKAPAkoek. Hortaz, leku aldaketa hori aukera gisa ikusi dute : «Plaza berria izanda, are festa hobeak antolatuko ditugu. Orain arteko egitaraua baino borobilagoa prestatuko dugu aurrerantzean. Bide bat ireki dugu festei beste dimentsio bat emateko».

Hala ere, kexatu diren bizilagunek erabilitako bideak kritikatu dituzte: «Gu saiatu gara, udalaren bitartez ere, haiekin biltzen, baina beti ezetz erantzun dute». Iaz ere agerraldia egin zuten horren harira. Orduan argitu zuten euren nahia «auzotar guztiek festak ahalik eta gehien gozatzea» zela, «eta hainbeste gozatzen ez dituztenei ahalik eta enbarazu gutxien egitea». Hala, konpromisoa hartu zuten bizilagunekin biltzeko festen inguruan adostasunetara heltzeko.  «Ez dira prest agertu hitz egiteko eta ez zaizkigu moduak gustatu. Eskertuko genukeen gurekin aurretik hitz egin izana musika bolumenaren eta garbitasunaren inguruan ados jartzeko, baina ez da hala izan».

Horren aurrean, ordea, «aurpegi alaia» jarri eta «egundoko festak» antolatzen jarraituko dute. Halaber, bizilagunekin hitz egiten saiatzen jarraituko dute . «Ea hurrengo urteetarako lortzen dugun adostasunetara heldu eta festa berriz ere Astazubira itzultzea. Dudarik gabe, saiatuko gara».

Bitartean, plaza horrek «festei emandakoa» aitortuko dute aurtengo ospakizunetan. «Toki horrek xarma handia du, herritarrek festak toki horrekin identifikatzen dituzte eta momentu oso onak igaro izan ditugu bertan». Horregatik, omenaldi xumea egingo diote guneari aurten. Hilaren 12an izango da, 21:00ak aldera. Bertatik pasatuko da triki poteoa eta «merezi duen aitortza» egingo diote plazari.

Festei buruzko aplikazioa

Aurtengoa aldaketen urtea da, eta baita berrikuntzena ere. Txosnagunea lekuz aldatzeaz eta egitaraua «are eta osoagoa» antolatzeaz gain, festen inguruko aplikazio bat ere sortu dute: SkapApp. Jon Ertzila ingeniari informatiko zarauztarrak garatu eta diseinatu du, eta eskuragarri dago Android, iOS eta Windows Phone-erako, doan.

Bertan, festen egitaraua aurki daiteke, eta baita jaien inguruko azken berriak ere; hainbat argazkiak; aurreko festen laburpena  jasotzen dituzten bideoak; lehiaketa bakoitzaren oinarriak; elastikoen inguruko informazioa; baita festako abestiaren letra eta propio sortutako bertsoa ere, besteak beste. Edukiak etengabe eguneratuko dituzte, eta proposamenak dituztenek ere egin ditzakete, Ertzilarekin harremanetan jarrita.