Auzoetako egoera hobetuko du Zarauzko Udalak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko ira. 25a, 09:30

Iban San Martin eta Xabier Txurruka Itxasmendin asteartean, atontze lanak gainbegiratzen.

Zarauzko Udal Gobernuak espazio publikoa txukuntzeko asmoa du agintaldi honetan. Hori dela eta, Auzoz auzo ekimena jarri du martxan, auzoetako garbiketa zerbitzua eta mantenua areagotuz. Besteak beste kaleak modu intentsiboan garbituko dituzte; kaleak, farolak eta errepideak konpondu; espaloiak, haur parkeak,zein kaleko altzariak txukundu; egoera txarrean dauden zuhaitzak bota eta edukiontziak atondu. Itxasmendin hasi dira txukuntze lanak egiten aste honetan bertan;  hautsitako baldosak aldatu dituzte eta lotu gabe zaudenak atondu. Halaber, puskatutako eserlekuak, seinaleak eta edukiontziak konpondu dituzte, haur parkeak zein lorategiak txukundu eta eremu publikoa garbitu. Iban San Martin Obra Txikien eta Zerbitzuen zinegotziak jakinarazi duenez,  hala bizilagunen eskari bati erantzun dio erakundeak. "Auzotarrak aspalditik ari ziren  lanketa horiek egiteko eskatzen; urteak ziren auzoan arretarik jartzen ez zela. Udalak zor zion hori".

Itxasmendirekin egin duten moduan, beste hamaika auzotako egoera ere hobetuko dute. Horretarako, udalaren baliabideak  modu bateratuan erabiliko dituzte . "Modu koordinatuan nahi dugu lan egin, garbiketa, mantenu eta konponketa lanak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen", dio San Martinek.

Hilabetero auzo bat txukunduko dute. Hala, datorrenean Mitxelena eta Zelai Ondon egingo dituzte lanak; Aritzbatalden gero eta atzetik Azken Portu eta Azken Portu Goian; Salbiden eta Vista Alegren; Abendañon eta landa bidetan; Astin, Talaimendin eta biotopoan; Izpilla plazan, Borghetton eta Berazan; San Pelaion; Nafarroa kalean; Mateo Mujika eta San Frantzisko kaleetan zein Alde Zaharrean eta moilan.

Zentzu horretan, udalak udan abiatutako ekimen bati nahi dio eman jarraipena: kaleen eta edukiontzien garbiketa areagotzeari, alegia. "Askotan kritikatu izan da Zarautz udan soilik zaintzen dela. Auzoz auzo kanpainarekin urte osoan zehar egingo ditugu garbitze eta mantentze lanak auzoetan", nabarmendu du Obra Txikien eta Zerbitzuen zinegotziak.

Biribilgunea, urte amaierarako

Itxasmendiko kaleak, errepideak eta gainontzekoak atontzeaz gain, irisgarritasuna ere bermatzeko asmoa du udalak. Hala, jakinarazi dute datorren urterako biribilgunea martxan izango dela auzoko sarreran. Auto ugari pilatzen da Itxasmendiko sarreran, eta horrek trafiko arazoak eragiten ditu.

Horri irtenbidea emateko, Xabier Txurruka alkatea bizilagunekin bildu zen udan, eta jakinarazi zien arazo hori konpontzeko partida bat zutela gordeta aurrekontuetan, hain zuzen, proiektua idazteko. Gaur, proiektua esleitzeko prozesua martxan da dagoeneko, eta aurreikusi dute dokumentua idatzita egongo dela urte amaierarako.