'Xake- Mate' tailerra antolatu du ZarautzOnek, larunbaterako

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 20a, 14:04

ZarautzOneko Juan Carlos Berraondo, ZKEko presidente Esteban Collantes eta Txomin Lasa ZarautzOneko ordezkaria. Amaia Ventas

Pasa den otsailean onartu zuen Espainiako Kongresuko Hezkuntza eta Kirol Batzordeak eskoletan xakea sustatzeko legez besteko proposamena. Hori ikusita, eta ZarautzOni  "etorkizunera begira" jartzea interesatzen zaionez, xake tailerra antolatu du larunbaterako, ZKEko Xake atalarekin batera. Sail horrek duela gutxi bukatu du aurtengo ikasturtea, eta beraz, amaiera emateko "aukera aparta" dela nabarmendu du Esteban Collantes ZKEko presidenteak.

Nicola Lococo filosofo eta xake adituak gidatuko du tailerra. Bi saio izango dira: bata 10:00etatik 12:00etara xakeaz "ezer ez" dakitenentzat, "jolastuz afizioa hartzeko", eta bestea, 12:00etatik 14:00etara, xakea ezagutzen dutenentzat, kirol horretan sakontzeko. Lehenbiziko txandan 8-12 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte, eta bigarrengoan, 12-16 urte artekoek. Gaztelekuan izango da tailerra.

Aiako Lardizabal eskolako, Getariako Iturzaeta ikastolako, Orioko ikastolako eta Zarauzko La Salleko, Antonianoko, Salbatore Mitxelena ikastolako zein Orokieta Herri Eskolako haurrek eman dute izena oraingoz. Interesa dutenek ostirala bitartera arte ere eman dezakete izena.  Horretarako, 688-674193 telefono zenbakira deitu beharko da zein iraola.jm@gmail.com helbidera mezua bidali. Haurraren izena, adina eta xakeaz duen ezagutza zehaztu beharko dira. ZarautzOnekoek guztira 140 haur biltzea espero dute, 70 txanda bakoitzerako.

ZarautzOneko arduradunek aurreratu dute aurrera begira ere xakeari lotutako hitzaldiren bat antolatuko dutela, kasu horretan, gurasoei zuzenduta.