Zarautzen, egun handiaren aurreko etxeko lana

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 20a, 18:37

Barea izan zen HITZAk eta Erlo telebistak antolatutako Zarauzko alkategaien mahai ingurua .200 bat lagun bildu ziren Modelon, eta herritarren galderekin bizitu zen debatea

Bakoitza bere tokian, bakoitza bere paperean. Aurreikuspenetatik harago, ez zen aparteko ika-mikarik sortu herenegun UROLA KOSTAKO HITZAk eta Erlo telebistak elkarrekin antolatutako Zarauzko alkategaien mahai inguruan. Saioa ez zen izan bizia; bare joan zen, eta orohar, interakziorik gabe. Ia momentu oro alkategaiek euren programa eta ikuspuntua agertzen jardun zuten. Horren adibide da azken txanpako tarte librean nagusiki proposamenak azaltzen jarraitu zutela batzuek. Hala ere, momentu zehatz batzuetan eman zuten zeresana hautagaien adierazpenek; batez ere, herritarren galderak erantzuteko garaian.

Mikel Goenaga EH Bilduko alkategaia, Xabier Txurruka EAJkoa, Gloria Vazquez PSE-EEkoa eta Ana de Benito Irabazi Zarautzekoa elkarri begira eseri ziren Modelo aretoko eskenatokian, Ludger Mees moderatzaile zarauztarra erdian zutela. PPko zerrendaburu Pepa Lafuente ere gonbidatuta zegoen, baina azkenean mahai inguruan parte ez hartzea erabaki zuen.

Ekitaldi hasieran, ordu eta erdiko saioa izango zela iragarri zuen moderatzaileak, baina bi ordu eta laurden inguru izan ziren azkenean. Mees saiatu zen hautagaien hitz hartzeak zorrotz neurtzen, baina alkategaiek askotan gainditu zuten denbora muga. «Gero izango duzu denbora programa aurkezteko; orain zu zeu aurkeztu», izan zen bota zuen lehenbiziko ohartarazpena; eta ondoren, «hiru minututan, mesedez», «hamabost segundo geratzen zaizkizu» eta halakoak esan zituen moderatzaileak, alkategaiei gogoraraziz hitz egiteko tarte mugatua zutela. Are gehiago, etxebizitzaren inguruko atalean alkategaiek minutu bateko muga gainditu zutenez, «diziplina euskalduna» aplikatzeko eskatu zien lauei, ez bazuten «alemaniarra» aplikatu nahi.

Ados eta desados

Etxebizitza politikaz gain, Meesek galdetu zien enpleguaz, turismoaz, gizarte zerbitzuez, kirolaz, mugikortasunaz, kulturaz, euskaraz eta hondakinez. Eta zenbait kasutan bat etorri ziren batzuk, besteak beste, Errotaberri eta Salberdin garatu behar direla; enplegua sustatu behar dela; gizarte zerbitzuak indartzea beharrezkoa dela eta turismoa, udaz aparte, beste sasoietara ere zabaldu behar dela.

Gai orokorrez gain, proposamen zehatzak ere egin zituzten hainbat gairen inguruan. Etxebizitzaren gaiari lotuta, Txurrukak eta De Benitok egun udal brigadaren pabilioia dagoen lekuan etxebizitzak eraikitzea jarri zuten mahai gainean. Orduan aurreratu zuen Txurrukak azken asteetan iragartzen aritu den asmoa: gune horretan 115 etxebizitza eraikitzekoa, alegia.

Enplegua aktibatzeari dagokionez, Irabazi Zarautzeko alkategaiak proposatu zuen zinegotzi bat izendatzea, ekonomia soziala eta berdea sustatze aldera. Halaber, gardentasunaren inguruko ordenantza bat martxan jartzeko asmoa jarri zuen mahai gainean, «ustelkeria» saihesteko. Vazquezek, mugikortasuna hobetzeko, saihesbidea birplanteatu behar dela adierazi zuen, eta TAOren inguruko herri galdeketa eskatu. Horrek eta Txurrukak bat egin zuten, halaber, Itxasmendi sarreran biribilgune baten premia dagoela adieraziz.

Goenagak, gidoiko gaiez gain, gaineratu zuen Villa Mundan Emakume Txokoa garatzeko asmoa duela EH Bilduk datorren agintaldian, eta baita gazteen lokalak arautzekoa eta Putzuzulo gaztetxearen aferari behin betiko irtenbidea ematekoa ere.

Erakutsi zuten hainbat puntutan iritzi eta proposamen kontrajarriak dituztela ere. Esaterako, euskararen aldeko politiken inguruan. Guztiek esan zuten erabilera sustatu egin behar dela, baina Vazquezek eta De Benitok nabarmendu zuten «inposaketarik gabe» bultzatu behar dela. Halaber, argi azaldu zuten ez daudela ados Zarauzko Udalak Ueman jarraitzearekin. Vazquezek, zehazki, nabarmendu zuen udalak berak badituela baliabideak euskararen normalizaziorako eta mankomunitate horretara bideratzen diren 22.000 euroak euskara sustatzera bideratu behar direla. Goenagak erantzun zien «pauso garrantzitsua» izan dela agintaldi honetan Zarautz Ueman sartzea, «ekarpen inportantea delako euskararen normalizaziorako».

Norekin ezkonduko zarete?

Mahai ingurua amaiera aldera bizitu zen pixka bat, herritarren galderak erantzuteko txanda iritsi zenean. Guztira zazpi galdera egin zituzten entzuleek: besteak beste hondakinei, Salberdini, burokrazioari, ingurumen babesari eta alderdi arteko koalizioei buruz. Azken horri lotuta, herritar batek Txurrukari eta Vazquezi zuzenean galdetu zien ea EAJ eta PSE-EEren arteko aliantzarik aurreikusten duten «EH Bildu boteretik ateratzeko», eta Goenagari eta De Benitori, berriz, galdera orokorragoa egin zien: norekin elkartzeko prest dauden, hain zuzen.

Vazquezek ez zuen erantzun zehatzik eman; adierazi zuen euren programan jasotako proposamenek dutela lehentasuna. Hala ere, garbi utzi zuen PPrekin eta EH Bildurekin ados jartzea «oso zaila» dela. EH Bildurekin elkartzea ez du posible ikusten, batez ere, «koalizioak ez dituelako bermatzen hainbat printzipio: demokrazia, eskubideak errespetatzea eta tolerantzia». Gainera, adierazi zuen PSE-EEren ustez EH Bildu ez dela ezkertiarra. Txurrukak erantzun zuen prest dagoela «Zarautzen alde» edozein alderdirekin akordiotara heltzeko: «Ez dugu inor baztertuko. Denekin hitz egingo dugu». De Benitok esan zuen akordioetara heltzea «zaila» ikusten duela Irabazi Zarautzek, baina hitz egingo dutela denekin.

Azkenik, Goenagak ere azaldu zuen EH Bilduren jarrera: «Ikusita Gipuzkoan zein estrategia duten EH Bildu boteretik kentzeko, eta Gloriak esandakoa entzunda, nahiko zaila ikusten dugu EAJrekin eta PSE-EErekin akordioetara heltzea. Irabazi Zarautzekin izan ditzakegu erraztasun gehien».